Euskara ofiziala ez den tokietan bizi dira Nafarroako euskaldunen %61

Baztanen, Bortzirietan, Malerrekan, Larraunen eta Leitza aldean dago euskaldun tasa handiena (%80,1). Euskaldun gehienak Iruñerrian bizi dira: Nafarroako euskaldunen %50,34, hain zuzen ere

Euskararen ofizialtasunaren aldeko protesta bat, 2018an, Nafarroan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Nafarroako euskararen legeak eremu mistoan eta ez-euskaldunean kokatzen dituen herrietan bizi dira Nafarroako euskaldun gehienak: Nafarroako euskaldunen %61,17, hain zuzen. Nafarroako Estatistika Institutuak euskararen ezagutzari buruz emandako azken emaitzetatik ateratakoa da datu hori. Joan den otsailean eman zituen datu orokorrak, eta BERRIAk aletu egin ditu. Hori da ateratako ondorioetako bat: euskara ofiziala ez den eremuetan bizi dira Nafarroako euskaldun gehienak, erdiak baino gehiago. Legeak banatzen dituen eremuen arabera begiratuta, Nafarroako euskaldun gehienak (%56,31) lurralde mistoan bizi dira, eta eskualdeka begiratuta, berriz, Iruñerrian (%50,34). Nafarroako euskaldun gehienek, beraz, ez daukate bermatuta euskaraz hitz egiteko eskubidea bizi diren lekuan.

Bertze datu ugari ere eman ditu ikerketak. Biztanle kopuru txikiagoa izanagatik, erraterako, Nafarroako iparraldean dago euskaldun dentsitate handiena biztanleko. Adinean behera joan ahala, berriz, ezagutza gero eta handiagoa da, oro har. Euskararen etxeko erabilera, berriz, ez da handia, ezta euskara etxean jasotzen dutenen kopurua ere: Nafarroako euskaldunen %35ek etxea ez den bertze leku batean ikasi dute euskaraz.

EUSKARAREN EZAGUTZA
Aldeak lurralde eremuka

Nafarroan euskara ofizial ez den eremuetan bizi den euskaldun kopurua biztanleria orokorraren datuekin dago lotuta, alde batetik. Izan ere, Nafarroako biztanle gehienak Iruñerrian bizi dira: 15 urtetik gorako —adin tarte hori hartzen du ikerketak— 309.090 lagun; hau da, ia bortz biztanletik hiru. Eremuka begiratuta, mistoan bizi dira biztanle gehienak (349.000); ez-euskalduna dago hurrena (147.698), eta euskaldun deiturikoa azkenik (49.634). Eremu euskalduna —euskara ofiziala den eremua—, hain justu, herri ttipiz osaturikoa da. Eta, alderantziz: bertze eremuek, oro har, hiri handiagoak dituzte.

Biztanleko euskaldun tasari begiratuz gero, berriz, euskaldun izendaturiko eremuan dago euskaldun dentsitaterik handiena: Baztanen, Bortzirietan, Malerrekan, Larraunen eta Leitza aldean, euskaldunak dira biztanleen %80,1. Sakana dago bigarren lekuan —biztanleen %43,5 dira euskaldunak—, eta ondotik doaz Pirinioak (%27,3); Pirinioaurrea (%23,2); Iruñerria (%12,7); Estellerria (%8,2); Izarbeibar (%5,6); Zangozerria eta Erdialdea (%3,4); eta Erribera (%1,1). Datu horiek euskaraz «ongi» edo «nahiko ongi» hitz egiteko gaitasunean daude oinarrituta. Gehiago dira, ordea, pixka bat hitz egin eta ulertzen dutenak.

Orotara, euskara ongi edo nahiko ongi hitz egiten duten 78.218 euskaldun daude Nafarroan, Nafarroako Estatistika Institutuaren arabera. Ongi edo nahiko ongi ulertzen dutenak, berriz, 15 urtetik gorako 93.740 biztanle dira: Nafarroa osoko 15 urtetik gorako biztanleriaren %17. Adinka ere banatzen ditu ikerketak datuak, eta bilakaera esperantza emateko modukoa da, euskararen ezagutzari dagokionez: 15 eta 29 urte bitartean dago euskaldun kopururik handiena (24.071 dira), eta adin tarte horretako biztanleria osoaren laurdenak hitz egiten du ongi edo nahiko ongi euskaraz. Umeen daturik ez du eman ikerketak.

ETXEKO ERABILERA
Gaztelera nagusi

Euskararen ezagutzarenak ez ezik, etxeko erabileraren datuak ere biltzen ditu ikerketak. Ohikoa denez, erabilera datuak okerragoak dira ezagutzarenak baino: Nafarroako biztanleen %4,2rentzat soilik da euskara etxean gehien hitz egiten duten hizkuntza, eta bertze %3,7k erabiltzen dituzte euskara eta gaztelera etxean, biak batera. Gainontzeko ia guztientzat —bertze hizkuntza batzuk ere badaude—, gaztelera da etxean nagusi: %89,7rentzat. Euskaldun izendaturiko eremuan ere datuak ez dira hain onak etxeko erabilerari dagokionez: eremu horretako herrietan bizi direnen %35,4rentzat baizik ez da euskara etxeko hizkuntza nagusia, eta %15,1entzat euskara eta gaztelera, biak batera. Ezagutzatik erabilerara tartea dago, beraz, etxeko hizkuntzari dagokionez behintzat. Kaleko erabileraren daturik ez du eman ikerketak.

TRANSMISIOA
Anitzek, etxetik kanpo

Etxean jasotzen duten lehen hizkuntzari erreparatuta, alde txiki bat dago etxeko erabilerarekin: gehiago dira etxean nagusiki euskara jasotzen dutenak lehenik (32.300 lagun, biztanleria osoaren %5,9), nahiz eta gero ez hori izan etxean gehien erabiltzen duten hizkuntza (%4,2rentzat soilik da hala). Euskara edo euskara eta gaztelera batera etxean jaso dituzten 15 urtetik goitiko 50.610 lagun daude Nafarroan; hau da, 15 urtetik goitiko biztanleria osoaren %9,3. Euskara ongi edo nahiko ongi hitz egiten dutenak gehiago dira, ordea: 78.218. Nafarroako euskaldunen %35ek, beraz, etxea ez den bertze leku batean ikasi dute euskaraz. Horrek azal ditzake etxeko erabileraren datu apalak. Izan ere, euskara eskolan soilik jaso dutenek nekez izanen dute etxean euskaraz hitz egiteko aukera.

HEZKUNTZA MAILA
Ikasiak, euskaldunago

Hezkuntza mailaren eta bertze hizkuntzen ezagutzaren araberako datuak ere eman ditu ikerketak, eta, horien arabera, ikasketa maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da euskararen ezagutza ere. Unibertsitate ikasketak dituztenen %16,7k dakite ongi euskaraz, erraterako. Lehen eta bigarren mailako ikasketak dituztenen artean, txikiagoa da ehunekoa: %8,2 eta %10,1, hurrenez hurren. Euskaraz dakitenek, bertzalde, ezagutza maila handiagoa dute bertze hizkuntzetan: euskaraz dakitenen ia %62k ingelesez dakite, eta %37,5ek, frantsesez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.