Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Jokuaren errenta

2018ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Onena izan gabe, Jokua ez da errenta da, seguru asko, Antonio Maria Labaienen antzezlanik sonatuena. Bertan, bi mundu ditugu begiz begi. Gizonak korrika-apustuen bueltan dabiltzan artean daukatena eta ez daukatena jokatzen, emakumeek kontrapisua dakarkiote gizonkeriazko munduari. Jokoaren burugabekeriaz ohartarazi nahi dituzte etxekoak, arriskutik urrundu, nola ez, gainera, bi gazteren ezkontza asmoa dagoela tarteko.

Kasualitateak zer diren. Ehunka lagun atera dira kalera apostu-etxe bat irekitzera doazelako Labaienen komedian ere trabes-toki den Azpeitian. Oso ohikoa ez den protesta bat non eta (aizkolariak ez badira korrikalariak, harri-jasotzaileak ez badira ahariak), hedabide publikoetatik ere denok nazkatu arte bihurtu digutenean herria bera, zezen-plaza polibalentea dela aitzakia, lehia garbiaren eta apostu himalaisten irudi.

San Inazio bezperetako kezka mamituak buelta polita ematen diolakoan nago Labaienek modu primarioan planteatzen digun egoerari. Jokua galgarri gertatzeak moral kristautik izan dezakeena gaindituta, dimentsio sozial eta ekonomikoa ezarri dio kritikari. Hau da, batzuen bulkada kontrolaezinaren lepotik ari direla besteak gizentzen. Biktima babesgabeak eta sai antolatuak, zapalketa klabean azalduta, droga trafikoarekin pareka daitekeen identifikaziora garamatza salaketak.

«Iru ekitaldiko komeria» moduan aurkeztu zuen bere obra Labaienek. Komedia, azken batean, gazteen maite-istorioa gailentzen zaiolako gizon mandotuen jokorako grinari. Ez ziola benetako gaiari heldu, alegia. Azpeitiko protestak, aldiz, gutxi du komediatik. Ludopatia agenda politikoan sartuta, ergelena litzateke pentsatzea apostu-etxeei lizentzia ukatuta amaituko denik arazoa.

Kinielatik loteriara, eliteko kirolarien publizitatetik tabernetako makinetara, a zer bonba, Labaienek bezala iskin ez egitera, aulki azpian jarri digutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.