Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Han goitik

2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Azkarregi doa dena. Egun gutxian mudatu da hasierako kezka lauso hura, eta automobilaren ispiluan atzetik ziztu bizian datorren kamioia nola, garbiagoa egin da irudia, handiagoa, eta ohartzerako, bertan da. Ez da beldurra, hala ere, egun hauetan aldatu den gauza bakarra. Gaitzari buruz hitz egiteko era ere, oso bestelakoa da, edo hala iruditzen zait niri, ilunpe honetatik. Orain edonorkaipatzen du «kurba» famatua, erpinera lehenbailehen heltzean omen dago giltza. Horregatik eskatzen zaizue etxean geratzeko, eskuak sarri eta ondo garbitzeko, elkarren zaintzaile eta zaindari bihurtzeko, albait arinen heltzeko grafikoaren gailurrera, goi hartatik bestela ikusten hasiko zaretelako guztia. Latza izango omen da. Eta Italiatik heldutako bideo txatalek eragingo dizue aldapan gora ekiteko behar duzuen irribarre izpia: auzotarrak balkoietan kantuan eta dantzan. Bizitza gailenduko da. Konpromisoa, elkartasuna, baikortasuna. Hitz ederrei eutsi beharra dago aterako bazarete.

Eta surflariak bezala, olatuaren gailurraren bila zoaztela, susmoa duzue ezer ez dela berdin izango hura bitsetan desegiten denean hondar ertzean. Beharbada, dena izango da diferentea hau dena igaro orduko: osasun sistema, lan egiteko era, globalizazioa ulertzeko modua. Ausartenek, kapitalismoaren ankerkeria salatuko dute. Gaixotasunetik harago, jendarte kontsumistaren burugabekeria utziko dute agerian. Gehienak umeak eskolara eta futbolariak zelaietara itzultzen direnean lasaituko dira. Komuneko paperarena, txisteetarako gordeko duzue, nor gara ba izuak eragindako keinuak epaitzeko.

Azpi honetatik, begia baino nahiago dut, neuk ere, ahal duzuen azkarren heltzea gain horretara. Badut jakin-mina. Jakin nahi dut ea han goitik zaborra ikusten den, ea gure gorpuek salatzen duten honek guztiak hor segitzen duen. Ala bestela, betiko kondenatu gaituzuen memoriaren hondokinetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.