Kanpo ikuskaritza bat egingo dute Verterren, Eusko Jaurlaritzak eskatuta

Ingurumen Sailaren arabera, Zaldibarko zabortegian ingurumen baimen integratuak ezarritakoa betetzen ote zen egiaztatuko du enpresa batek

Bi langileen gorpuak aurkitzeko lanean segitzen dute zabortegian. J. URBE / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling 2002 SM zabortegiak ingurumen baimen integratuak (IBI) ezarritako baldintzak betetzen ote zituen egiaztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak kanpo ikuskaritza bat egiteko eskatu dio Erresuma Batuko enpresa bati. Joan den otsailaren 6an hondakindegian gertatutako luiziaren ondorioz, bi langile hil ziren. Ia hiru hilabete geroago, desagertuta daude oraindik, nahiz eta haiek bilatzeko lanean dabiltzan.

Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak otsailaren 18an iragarri zuen ikuskaritza, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean egindako agerraldi batean. Sailak atzo plazaratutako oharraren arabera, bi helburu edukiko ditu ikuskaritza horrek. Batetik, jakiteaea Verterri emandako ingurumen baimen integratuaren baldintzak «behar bezain zorrotzak» ziren. Eta, bestetik, frogatzeaIngurumen Sailburuordetzaren Ikuskaritza Zerbitzuak zabortegiaren jarduera «egoki» gainbegiratu duela eta Verterrek baimen integratuaren eskakizunak betetzen zituela egiaztatu duela. Jaurlaritzak espero du hiru hilabeteren buruan ikuskaritzaren emaitzak mahai gainean edukitzea. Ez du jakinarazi, ordea, enpresak noiz hasiko dituen lanak.

Verterri 2007ko urtarrilean eman zioten, aurrenekoz, jatorri industrialeko hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko ingurumen baimen integratua. Halere, lau urte pasa geroago, 2011ko martxoan hasi zen hondakinak jasotzen, IBIan aldaketa bat egitea onartua izan ondoren. Beste aldaketa bat egin zuten 2013ko irailean —erantzuleen esanetan, «garrantzi handirik gabekoa»—, hainbat hondakin ez-arriskutsuren «balorizazioa» egiteko operazioak baimentzen zituena.

Ingurumen Sailak gogoratu du kutsaduraren prebentziorako eta kontrol integraturako Europako legediak ezarritakoari erantzuten diotela IBIek, eta helburu dutela prebentzio printzipioa aplikatzea «potentzialki» kutsatzaileenak izan daitezkeen instalazio industrialetan. Jaurlaritzaren hitzetan, horretarako kontrol «oso zorrotzak» ezartzen dituzte, ingurumena babesteko. Zehaztu du ingurumen baimen integratuak dokumentu «dinamikoak» direla, eta «edozein enpresaren jardueraren balizko aldaketak kontuan hartuz egokitzen dituztela ingurumen baldintzak».

«Ospe handiko» enpresa

Ricardo Energy & Environment du izena ikuskaritza egitekoa den enpresak. Jaurlaritzak adierazi duenez, «ospe handia» du nazioartean, eta «munduko liderra» da energia, ingurumena eta teknologia esparruetan. Europan lan egiten du batez ere, eta azkeneko 40 urteotan «bezero zerrenda luzea» eduki du; «tartean, Europako Batzordea».

Kanpo ikuskaritzaz gain, Ingurumen Sailak eskatua dauka ezbeharraren arrazoiak argitzeko aditu talde batek egin beharreko txostena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.