Noiz sortua: 2020-02-02 00:30:00

LARREPETIT

Mendigatxaren etnizismoa

Iñigo Aranbarri -

2020ko otsailak 2
Hiru omen dira, gaur egun, hiztun bakarra duten hizkuntzak. Kalifornian dago bat, wukxumnia. Marie Wilkoxek ez du norekin solastu, bakarrik dago inork ulertzen ez duen hizkuntza batekin. Perun dago bestea, Intuton. Joan dira tauxiroz egiten zuten guztiak, Amadeo Garcia da geratu den bakarra. Hirugarrena Vanikoron dago, Salomon uharteetan; Lainol Nalo du izena hiztunak eta tanema hizkuntzak. Izango dira gehiago. Nork daki. Bakarra izatea. Hondarrekoa. Zer izango ote da hori.

Hori du gaia, hain zuzen ere, Ernesto Contreras mexikarraren Beste hizkuntza batean egiten dut amets filmak. Hizkuntzalaria da Martin eta hilurran den hizkuntza bat jasotzera heldu da Veracruzeko herrixka batera. Bi hiztun baititu zikrilak; biak ziren lagunak, baina berrogeita hamar urte lehenago gertatuko haserre bat medio, ez diote elkarri hitzik egiten Isaurok eta Evaristok. Nekez aurkituko dugu hiztunei buruzko begirada tristeagorik. Horixe erakustera dator filma: hizkuntzaz ari garelarik, harremanez dihardugula, maitasunaz, aurrejuzguez, bazterketaz.

Gurean, antzeko zerbait gertatu zitzaion Resurreccion Maria Azkueri. Erronkarieraren hondarrak bildu nahian Mariano Mendigatxaren adiskide egin zelarik, informante bikaina idoro zuen Bidankozen Lekeitioko erraldoiak. Gutunez gutun, bien arteko letra trukeak bakardadeari eginiko argazki gaitza osatzen du, ordea. Puntu batetik aitzina, ahaztu egiten dituzte rolak, ez da linguistika garrantzitsuena. Eta orduan agertzen zaigu mundua den bezain gordin: erronkariera lurmendu ahala, itogarriagoa zaigu Mendigatxak bere bakardadean bizi zuen negua.

Euskararentzat gazteleraren besteko estatusa eskatu orduko tribalka eta etnizistaka hasi direlarik, hori da ulertzen ez digutena elkarbizitzaren antropologook. Mintzatu, ez garela mintzatzen hizkuntza bizi dadin, bizitzeko behar dugulako baizik.

Ez da hain zaila ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna