Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Nazioarteko espazio hitzarmenen hutsuneak

2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Espazioaren erabilerabost hitzarmenek eta beste hainbeste printzipiok arautzen dute 1967az geroztik. Espazioan ekimen baketsuak egin behar dira, eta nazioarteko elkarlana bultzatu. Itsaso zabalean bezala, res communis da printzipio nagusia, ez da inorena, eta denena da. Espazioaren erabilera asko aldatu da azken hamarkadan, industria pribatuaren garapenarengatik, eta hitzarmenak gaurkotzeko behar handia dago. Araudi berriak onartzeko ezinbestekoa daAEBen, Errusiaren, Txinaren eta EB Europako Batasunaren lidergotza. Une honetan, euren artean dagoen tentsioa ikusita, ez dirudi epe motzean espazioaren inguruko hitzarmenak gaurkotzeko borondatea egongo denik. Bien bitartean, lege hutsuneak daude. Ez dago lege zehatzik espazio turismoa, gerra, krimena edo espazioko zaborraren inguruan sortu daitezkeen nazioarteko liskarrak kudeatzeko. Gainera, ez dago nazioarteko adostasunik zehazteko espazioa non hasten den eta aire espazioa non bukatzen den. Nazioartean gehien zabalduta dagoen araudiaren arabera, itsas mailatik ehun kilometrora hasten da espazioa, AEBentzat, berriz, 80 kilometrora.

Espazioko zaborra albiste da berriro Errusiarrek egindako misil jaurkiketaren ondoren, baina espazioan proba militarrak, dakigula behintzat, gutxitan egiten dituzte, ekimen komertzialekin alderatuta. Space X enpresak 30.000 satelite jaurtitzeko baimena eskatu du. Dagoeneko 12.000 dauzka lurretik 550 kilometrora. Internet zerbitzua emateko Starlink sateliteak dira gehienak. Espazioan trafikoa aztertzen duen Southamptongo Unibertsitateko zentroaren arabera, azken urteotan espazioan sateliteen artean talka egiteko egon diren une arriskutsuen erdietan Space Xeko satelite bat egon da tartean. Erakunde horrek dioenez, sateliteek euren artean talka egiteko arriskua %90 haziko da, Space X enpresak espazioan jarriko dituen hurrengo 10.000 sateliteekin.

2017an Txinak misil bat jaurti zuen bere satelite zahar bat deusezteko, eta, orduan sortutako zaborra saihesteko, egun maniobrak egin behar izaten dituzte espaziontziek eta beste sateliteek. Maniobretan dabilen satelitea ezin da erabili, bizitza komertzial laburragoa du, eta beste berri bat bidali behar izateko aukera handitzen da. Zaborrak zabor gehiago eragiten du, eta nazioarteko hitzarmenetan ez dago zehaztuta zaborra nola kudeatu behar den. Hitzarmena onartu zen garaian oso objektu gutxi zeuden espazioan, eta zaborra modu naturalean desagertzen zen, apurka-apurka, lurraren atmosferara sartzen zen heinean suntsitzen zen.

Turismoak ere erronka berriak ekarriko dizkie nazioarteko hitzarmenei. Momentuz, sateliteak dabiltzan orbitatik kanpo joaten dira turistak daramatzaten Virgin Galactic eta Space Xen ekimen komertzialak. Baina zer gertatuko da gorago joaten hasten direnean, istripu edo erasoren bat baldin badago satelite, zabor edo misil batekin? Zein erantzukizun eta kalte-ordain aplikatuko dira? Edo zaborra saihesteko automatikoki, adimen artifiziala erabiliz, maniobra egin duen satelite europar batek Japoniak jaurtitako ehunka miloi euroko satelitea kaltetua izaten bada? Hagako auzitegia lanez gainezka egon liteke laster, nazioarteko istilu pribatuen ondorioz.

NASA ikertzen hasi berria da espazioan gertatutako lehen krimena izan daitekena. Anne Mclain astronautak, Nazioarteko Espazio Estazioan zegoela, bertako ordenagailua eta Internet konexioa erabili zituen senarraren banketxe kontuan baimenik gabe sartzeko. Pertsonaren herritartasuna aplikatzen da printzioz Estazioan, eta, beraz, astronatuta estatubatuarraAEBetako legearen arabera epaituko dute. Baina etorkizunean gauzak asko korapila daitezke; zer gertatuko litzateke Errusiako astronauta batek espazioan dagoela asiloa eskatzen badu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.