Iñigo Bilbao Sagastiberri.
LEKU-LEKUTAN

Cienfuegos presidente!

2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Mexikora heldu aurretik banekien, edo uste nuen, militarrak oroitzapen mingarria zirela mexikarren oroimenean. Ikasia nuen 1958an hasitako gerra zikinak 1968ko urriaren 2an izan zuela adierazpenik ezagunena, ikasleen protestak odolez zapuztu zituztenean. Ez da soilik iragana. Orain badakigu: 2014ko irailean militarrek zuzen-zuzenean esku hartu zuten Ayotzinapako 43 ikasleen hilketan. Zaharrak berri! Hori guztiori sinetsita heldu nintzen Mexikora. Geroago ikasiko nuen, baina, memoria bereziko jendea ere badela bertokoa.

Gaur, agintean ustez ezkerrekoa den presidentea daukagun honetan, militarrak nonahi topatzen ditugu, arestikoa inoiz jazo ez balitz bezala. Militarrak dabiltza Poliziarena egiten eta, hortaz, talde kriminalei jazartzen; militar horiexek dira herri-lanak egiten dituztenak, aireportuak edo kasernak eraikiz, eta trenbideak ebakiz; eta militar horiek dira, baita ere, itsasoa garbitzen, botikak banatzen, pandemia garaian txertoak jartzen, petrolio-hodiak zaintzen, edota aireportu zein portuetako aduanak kudeatzen dituztenak. Eta, laster, armadak bere hegazkin konpainia propioa izango du hegaldi komertzialak egiteko. Zergatik? Gobernuaren hitzetan, kasernan gordetako militarrek joera izan ohi dutelako nagiaz herdoildu eta usteltzeko.

Estrategia gakoetan ni baino argiagoa den anaiak esan zidan, orain gutxi, azkarra dela jokaldia: «Horixe egin zuen [Venezuelako presidente Hugo] Chavezek bere garaian, alegia: militarrak botere jokoan sartu zituen, jauntxoen atzaparretatik aldentzeko, eta horrela balizko estatu kolpe bat ekiditeko». Kontxo! pentsatu nuen, horrek zentzurik badu. Gainera, bururatu zitzaidan, potrojorretan edo betikoei egurra ematen ibili baino, hobe lanean jartzen badituzte, ezta? Aireportu berria bi urtean egin dute. Ez da izan, ez, lan makala!

Herri-lanetan bikain ibili diren bezala, presidenteak argitu digu orain, komunikabide zenbaitek hartaratuta, hori bai, espioitzan ere ez direla kikildu «herritar uniformatuak». Horrela izendatzen baititu militarrak Andres Manuel Lopez Obradorrek. Aitortu du, bai, armadak Pegasus sistema erabili duela, «baina ikerketak egiteko», esan digu: «Ez da egia kazetariak edo oposiziokoak zelatatzen direnik. Talde kriminalei aurre egiteko inteligentzia lanak dira, ez espioitza».

Errelatoaren inguruko ika-mikak ez dira horretan amaitzen. 2020ko urriaren 15ean, AEBek Salvador Cienfuegos jenerala atxilotu zuten. Enrique Peña Nieto presidentearekin Defentsa sailburu izan zenari narkoekin batera delituak egin izana egotzi zioten, DEA Drogen Kontrolerako Administrazioak egindako ikerketan oinarrituta. Mexikoko Gobernuak berehala atera zituen hortzak, eta DEAko agente guztiak Mexikotik kanporatuko zizkietela jakin zutenean, gringoek segituan egin zuten atzera. Jenerala etxean da egun, libre.

Hor ikusi genuen, ezbairik gabe, militarrek Mexikon oraindik duten boterea. Benetakoa. 2019an, estatubatuarrek Felipe Calderon presidentearen Segurtasun sailburu Genaro Garcia Luna arrazoi bertsuengatik harrapatu zutenean, etxafuegoak izan ziren Zokalo plazan. Ura eta olioa, hitz bitan.

Eskuinekoak ezkerrekoak izan diren banderak haizatzen ikusteak mina ematen du; baina ezkerrak eskuinarena egiten duela egiaztatzeak, zuloa tripetan. Lopez Obrador presidentearekin batera gobernura heldu zirenek sinetsarazi nahi digute armada dela kasik Mexikon ustela ez den egitura bakarra. Gaitza egiten da halakorik onartzea.

Aurreko batean telebistan presidenteak egunero-egunero egin ohi duen hiru orduko agerraldietako bat ikusten ari ginela, senarrak, presidenteari oldartu, eta sententzia bota zuen: «Jarri dezatela behingoz Cienfuegos presidente!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.