Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Belzunegi medikua Portboun

2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Ez nuen hain tristea irudikatzen Portbou. Inorekin topo egin gabe itzuli ginen hilerritik. Atarian, Walter Benjaminen oroimenezko memorialak herdoilezko zauri bat zirudien itsaso harrotuaren bila. Berotze aldera sartu ginen hondartza gaineko ostatura. Irteeran, emakume batek lagundu zigun kale hustuetan barrena. Alabaz aritu zitzaigun, Bartzelonara joana herriko gazte gehienak bezala. Eta gu euskaraz sentituta, hala aitortu zigun, zer penagarria den estatuak bitartekorik ez jartzea euskaraz edo galegoz gutxieneko bat jakiteko. Agur baino zerbait gehiago esan nahi zigun. Gutxieneko bat, adeitasunezko keinu bat.

Aste honetan egunero itzuli naiz Portboura. Goizeko zortzietan, entzierroaren ostean, urduri antzean itxaron diot egunero Tomas Belzunegi medikuaren parteari Nafarroako Ospitaletik. Ez zezenek edota erorikoek eragindako zaurituen egoeraren jakinminez, ezpada jakiteko heltzen zion, ikusteko ea euskaraz agertzen gintuen berriz ere. Politikoenen aldeak libre hitzak, ez itzulpen konpromisozkoak, originaltasun ttantta eta guzti, «osasuna denontzat». Hala bete du, eta hala egin diote eraso sare sozialetan ere, zertan dabilen vascuencez ezjakin alaena, «Espainia guztirako eta Hispanoamerikarako» ari dela jakinda, borono halakoa.

Bistan da agurra baino gehiago behar duela euskaldunak medikuarengandik, baina sikiera astebetez, Belzunegiren hitzek asko dute erakutsi: harro sentiarazi dute euskaldun andana; egoera tristearen erradiografia egin dute(estatuko biztanle gehienek ez dute urte guztian euskara gehiagorik entzungo); eta ezinbestean, Portbouko emakumearen kezkari bata zuria jantzita, berrogei urteko plangintza eza salatu dute. Mediku baten keinu txikia astebetez aldarrikatzeko Francoren heriotzaren ostean gazteleraren inguruan antolatutako diskurtsoak nagusikeriazkoa izaten segitzen duela, isilarazlea eta erdeinu eragilea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.