Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Neohizkera

2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Ez dakit noiz izan den, baina atarian garela, gero eta garbiago dirudi. George Orwellek 1984 nobelan azaleratzen dituen gaien artean, neohizkerarena da, niri behintzat, ezinegon handiena eragiten didana.

Abiapuntua aski ezaguna da: Orwellek 1949an sortu etorkizuneko distopia horretan, Alderdiak ezinbestekotzat du hizkuntzaren gaineko erabateko agintea. Hitza kontrolpean, kontrolpean dagoke gizartea. Horretarako, ordea, hizkera berriak hizkera zaharra ordezkatu beharko du. Kalkuluen arabera, 2050 aldera lortuko da erabateko aldaketa. Ordurako, itzulia egongo da hizkera zaharrean idatzitako literatura guztia, eta suntsitua «gogoeta okerrerako» bide izan daitekeen edozein hitz. Batetik besterakoa egoki burutu dadin, Anaia Nagusiak jendea du lanean Egiaren ministerioan. Winston Smith protagonista da horietako bat; gorroto du Alderdia, ametsen eta oroimenen tolesduretan laketzen da oraino. Hiztegiaren hamaikagarren edizioan lanean ari den filologoa da Syme:

«Ez al duk ikusten hizketaberriaren azken xedea dela pentsamenduaren eremua murriztea? Azkenean benetan ezinezko bihurtuko diagu pentsamendu-krimena, ez baituk hitzik izango era horretako pentsamendurik adierazi ahal izateko». Zenbat eta hitz gutxiago, lotuago jendartea, horixe ari zaio azaltzen Syme Smithi. «Inoiz kontzepturen bat behar izanez gero, hitz bakar eta zehatz batez adieraziko duk. Auto-disziplina kontua besterik ez duk, errealitate-kontrola, besterik ez. Baina azken buruan, hori ere ez diagu behar izango. Iraultza burutua izanen duk hizkuntza perfektua izanen denean».

Irratia piztu dut. Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaria ari da, pandemiaz eta Labi batzordeak harturiko arauez, gazteleraz: «Gomendioa da, halako gisaz idatzia non herritar bakoitzak debekua balitz moduan interpretatu ahal izango duen».

Irratia amatatu eta egutegiari eman diot begia: 2021eko uztaila da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.