Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Depredadore sozialak

2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Kaleak hartzera deitu ditu herritarrak Txema Guijarro, Espainiako Legebiltzarrean Unidas Podemoseko taldeko idazkari nagusiak. Kalera!, ezin onar baitaiteke argindarraren prezioak jo duen gorakada azken asteetan. Kalera!, presionatzeko gobernua eta eskatzeko ausardia oligopolio elektrikoaren oldarraren aurrean. Kalera! Denok kalera! Ez dabil fin Sanchez, kemena du ments, non du borrokarako gogoa.

Denak dirudi zentzuzkoa, txorakeria batengatik ez balitz. Guijarroren alderdia, Unidas Podemos, Espainiako Gobernuan dago. Ministerioak eta ministroak ditu. Ardura du erabakietan. Norbera norberaren itzalari harrika? Disoziazio aldarria? Ni ez naiz ni?

Jainkorik ez dagoela dioen jainkoarena, ez da berria. Bere garaian, Margaret Thatcherrek izena ere jarri zion diagnosiari: TINA, alegia, There Is No Alternative. Bestela esanda, gure sistema ekonomiko honetan, gobernuek deus gutxi egin dezaketela merkatu legeen aurrean. Gerora, halatsu entzun genien David Cameroni eta Angela Merkeli, Thatcherren norabide berean beti. Kapitalismoak bere logika du eta hari bost kontsumitzaile huts bihurtu dituen herritarren nahia.

Gauzak horrela jatera, berez datoz galderak. Gobernuak, eta edozein delarik hauen kolorea, ez badira gai alternatibarik eskaintzeko, zertan dabiltza? Zertarako daude ezin badituzte herritarrak elite ekonomikoen ausikietatik babestu? Eta hizkuntza bera ere, zertarako da? Ezen, zer esan nahi dute mantra gisa errepikatzen dizkiguten hitzek? Zer esan nahi du demokraziak, esaterako, gero onartzen bada gutxi batzuen interes ekonomikoa dagoela herritarren borondatearen gainetik? Aho betean globalizazioa aipatzen digutelarik, zertaz ari dira zehazki? Nola deitu behar diegu, alderdiek eurek, gobernualdian egindako zerbitzuen sari, oligopolioen administrazio-kontseiluetan ezartzen dituzten politikari horiei?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.