Albistea entzun

LARREPETIT

Konpromisoa

Iñigo Aranbarri -

2023ko otsailak 5

Mira eginda irakurri dut titularra: «Ez dakit hizkuntzak ez ote nauen ni menderatzen nik bera baino gehiago». Eta ederra bada idazleak hitzarekikoak azaltzeko erakutsitako modua, ez da makalagoa kazetariaren konpromisoa elkarrizketatuari horrelako aleak esanarazi eta irakurleari poliki emateko.

Solasaldiak ziztatuta, aspaldi batean egin zidaten elkarrizketa batez oroitu naiz. Euskal Herriko egunkari salduenerako zen. Kazetaria ez zegoen txorakeriatarako: «Ez dut liburua irakurri. Ez zait batere interesatzen. Zu hasi hizketan, gero ikusiko dut zer egin». Ez zeukan erraza, baina hizkuntza ez zen ni menderatzera etorri; eta ni bera menderatzen ere baldarra, nonbait. Gero zer argitaratu zuen ikusita, uste dut grabagailuak ere ez zidala entzun. Handik urte batzuetara, kazetaritza fakultatean irakasle zen. Kazetaria, ez grabagailua.

Berotik hotzerako aldeak izututa, Adimen Artifizialez dabilen ChatGPT sistemari idatzi diot, iritzia eman diezadan auziaz: «Idatzi mesedez 40 hitzeko testu bat norbanakoak hizkuntzarekiko duen konpromisoaz». Joxe Lizasoren kantu estiloan, nik amaitzerako erantzun dit aplikazioak, eskertzeko moduko ahalegineraz: «Norbanako bakoitzak bere hizkuntza erabiltzeko askatasuna dauka, eta hori errespetatzen da. Hizkuntza baten erabilera ezin da diskriminatu, ezta hainbat hizkuntzatatik datozen desberdintasunekin ere. Konpromisoa bere hizkuntza erabiltzen duen norbanako bakoitzak duen eskubideen alde egiteko da, eta hizkuntza horren biztanleak elkarrekin bizi ahal izateko».

Makina arranoa! Ez dakit nola asmatu duen, Itziar Ugartek Jose Luis Otamendiri eginiko elkarrizketa irakurri baino lehen, idazlearen edota kazetariarenaz barik, beste konpromiso batez, Mañeruko herritarrek euskaraz ere bizitzekoaz nahi nuela idatzi berez gaurko hau. Jende xeheari harroaren grabagailuak ezer ez ulertzea, berriz, kazetaritza baino zaharragoa da ondikoz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.