Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Churchill elurretan

2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
John Reith BBCren sortzaileari zor diogu esaldiaren bikaintasuna. Alegia, hiru direla irrati-telebistek bete beharrekoak: informatzea, entretenitzea eta heztea. Ehun urtera, halaxe behar duela sinestarazten zaigu oraindik. Izan ere, ez liteke hobeki esan, ez da hori baino kontzientzia lasaigarriagorik.

Informatzeaz, Reithek garbi zuen «inpartzialtasunez» jokatu beharra zegoela. Horregatik agindu zuen, 1926ko greba orokorrean, albisteak bere horretan emateko, ez eransteko inongo baloraziorik eta, batez ere, ez lehenesteko gobernuaren iritzirik edota Canterburyko artzapezpikuarenik. Gaixo Reith! Gesu batean zen Churchill haren buruaren eske.

Tapakia magalean paratu eta ETB piztu dut. Reith etorri zait kolpetik. Churchill baino ez da ageri Warhol-en serie batean nola, ia albiste bakoitza baloratzen. Aurrez baina, elurra heldu dela Euskal Herrira jakinarazi zaigu. Leihoaz bestalde, zerutik behera datozen antzara-lumak zer diren ikas dezagun, albistegia bera bezain luze, mundua bera baizen zabal aritu dira gerora ere: kazetaria lera gainean Urkiolan, galdezka Legazpin, Pagozelain nahitaez… Bai nausia, elurra da, lurra xuriz estali da… otsailean.

Sozialistak zirela Ajuria Enean, ia su eman zitzaion ETBren egoitzari ez zelako Euskal Herria eguraldiaren mapan aski nabarmentzen. Ez da egun halakorik. Mapa nahi duzuela? Ba to! Eta eguraldi hutsez bete digute, eta ez elur egunetan bakarrik. Izan ere, zer gehiago behar du euskaldunak mundua ulertzeko? Sukaldari mariatxi batzuk agian…

Informatu, entretenitu, hezi. Urteak dira telebistek nahita dutela utopia bilakatua Reithen hirutasuna. Informazioa gobernuek bahitua, heziketa erabat eskolaren esku utzia, entretenitzea bihurtu da telebistaren eginbehar nagusia. Berez, arinak ez luke arazo izan behar. Emititzen diren eduki guztiak arinkeriaz ematea da arazoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.