Poliziak Floyd «hil arte torturatu» zuela salatu du haren familiak

Erailketa bultzatzea egotzi die fiskaltzak atxiloketan parte hartu zuten beste hiru poliziei. Defentsa idazkariak Trumpi aurre egin dio, eta militarrak manifestarien aurka bidaltzearen kontra agertu da

Los Angelesko Poliziako arduradun bat belauniko, manifestarien aldamenean, atzo. ETIENNE LAURENT / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Minneapolisen azken agurra egin zioten atzo George Floydi, Poliziak itota hil zuen 46 urteko gizonezko afro-amerikarrari. Ekitaldian izan ziren haren senideak ere, tartean haren seme Quincy Mason Floyd: «Gertatutakoa berehalakoan argitu eta justizia egitea nahi dugu. Gizon edo emakume bakar batek ere ez luke aita gabe geratu behar». Ben Crump abokatuarekin batera emandako prentsaurrekoan, Floyden semeak salatu zuen aita «hiltzeraino torturatu» zutela atxilotu zuten poliziek.

 

Floyden atxiloketa eta hilketa jasotzen dituen bideoan lau polizia agertzen dira. Derek Chauvini, Floyd lurrera bota eta belaunarekin lepoa estutu zion poliziari, bigarren graduko erailketa eta giza hilketa leporatzen dizkiote. Kargutik kendutako beste hiru polizien aurkako karguak atzo jakinarazi zituen Minnesotako fiskal nagusiak; bigarren graduko erailketa bultzatzeaz akusatuko dituzte hirurak. Horrez gain, fiskal nagusiak ez du baztertzen Chauvini lehen graduko erailketa leporeatzea, baldin eta hilketa aurrez pentsatua zuela frogatzen bada.

Itotzeak amaitu

Ipar Carolinako Durhan hiriko poliziaburuak nabarmendu du departamentuan «erreforma sakonen beharra» dagoela, besteak beste arrazakeria amaitzeko. Horrez gain, Cerelyn Davisek ustezko delitugileak itotzea debekatzeko ere eskatu du; izan ere, Floyd ez da poliziak itota hiltzen duen lehen herritarra. Gauza bera gertatu zitzaion Eric Garnerri ere 2014an, New Yorken. Hark, Floydek bezala, etengabe esan zuen ezin zuela arnasarik hartu, baina lepotik helduta zuen poliziak ez zuen askatu beranduegi izan zen arte: «Urteetako arrazakeriaren ondorio da gaur bizi dugun egoera. Legeak babestuko duen erreforma bat behar dugu, polizia guztien jokabidea arautuko duena, edo berriz gertatuko da».

Floyden hilketaz geroztik Poliziak izandako jarrerak ere kritika ugari jaso ditu. Nahiz eta hainbat hiritan segurtasun indarrek manifestariekiko elkartasuna adierazi —besteak beste, haien parean belaunikatuta—, beste hainbat hiritan istilu larriak izan dira. Washingtonen, esaterako, salatu dute Etxe Zuria babesteko jarritako indarrek kendu egin dituztela identifikatzeko plakak.

Polizien jarrerak ez ezik, Donald Trump presidentearen oldarraldiek ere zeresana eman dute, bere gobernuko kideak aurka jartzeraino. Defentsa idazkari Mark Esper izan da estatuburuari aurre egiten azkena. Haren esanetan, ez dago militarrak kalera ateratzeko arrazoirik, Trumpek bezperan esan moduan. «Jardunean dauden militarrak segurtasuna bermatzeko baliatzeko aukera beste biderik ez dagoenean soilik jar daiteke indarrean, eta ez gaude egoera horretan», azaldu du Esperrek. Horri dagokionez, nabarmendu du Guardia Nazionala dela «egokiena» herrialde barruko segurtasuna bermatzeko, eta ez armada.

AEBetan hauteskunde urtea izanik, kanpainan ere eragina izaten ari da Floyden hilketa. Steve King ordezkari errepublikanoak galdu egin ditu Iowako primarioak, Ordezkarien Ganberarako errepublikanoen hautagai izateko lehian. Kingek alderdi barruan zituen sostenguak ere galdu egin ditu, eskuin muturreko taldeekiko harremanengatik. Hark esandakoen artean daude adingabeko migratzaileak droga trafikatzaileak direla, eta gutxiengoek ez diotela ekarpenik egin mendebaldeko zibilizazioei. Kingek 18 urte egin ditu karguan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA