Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Nahi ez badugu ere

2018ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Hilabeetako neke luzearen sari, albait urrunen jotzen dut kanpora burua freskatze aldera. Eguneroko zereginak zokoratu eta bizi-berritu. Nola? Kazetetako gehigarriek erakusten diguten maneran, alegia, merezi duten tokietara jota; usain, hots, irudi ezezagunez beteta ardura astunek burmuinean libre utzitako tokia. Nolabaiteko ordezkapen bat, hala esan baliteke behintzat.

Hainbesteko ibiliak bazterrak nahastea ekar lezake, baina. Neuri gertatu zitzaidan. Egondako tokiren bat aipatzen zutelarik lagun artean, ezgauza sentitzen nintzen denboran eta espazioan identifikatzeko. Argazkilaritzaren dohainez jabetu nintzen arte. Bidaietan ateratako irudien bidez, dena bestela antolatzen hasi zen nire buruan. Abantaila batez, gainera: nahasmena konpondu ez ezik, berregin egin lezaket orain enkuadre hartan bizitakoa, izan usain, kolore, hots edota bulkada basa. Hala bihurtu naiz, ohartzerako, diogenes digitala: itsas-labarrak, kale arteak, ate koloretsuak, denda zaharrak, zeru txatalak, animalia otzanak... zer ez da kabitzen tarjeta batean.

Arazo potoloa dut orain. Nazkatu egin nau edertasunak. Nik jendea nahi dut atera, zenbat eta bitxi, desberdin eta exotikoago, askozaz hobe. Nirean ez dagoen mundua bildu nahi dut, zirrira horrexen pozean bizi naiz kanpoan naizela: megapolietako etxegabeak eta indigena australak, ume langileak eta puta zangoluzeak. Bero apur bat.

NoViolet Bulawayo zimbawetar idazleak kolpetik hoztu nauen arte:«Eseri garenean, gizona argazkiak ateratzen hasi zaigu. GKEetakoek benetan gustuko dute hori egitea, euren lagunak edo senideak bagina bezala, etxera itzultzean argazkiei begira daudela 'honek halako zuen izena' esatea maite balute bezala. Haiei bost guretzat lotsagarri gertatzea zikin egotea, zarpail janztea edo guk ez nahi izatea erretraturik ateratzerik. Baina ez diogu ezer, badakigulako argazkien ondoren opariak datozela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.