Lamek Pekinen «babes osoa» dauka estradizioen lege proiektua baztertzeko

Hong Kongeko gobernuburuak elkarrizketarako bide bat ireki nahi du, baina ez ditu aintzat hartu manifestariek egindako gainontzeko eskariak

Andoni Imaz
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburuak Txinarako estradizioen lege proiektua baztertu izanak helburu du indarkeria bukatzea, tentsioa baretzea eta elkarrizketarako aukera zabaltzea. Lamek atzo eman zuen prentsaurrekoa, eta adierazi zuen erabakia berea izan dela, baina Txinako Herri Errepublikak erabakia «errespetatu» duela eta «babes osoa» adierazi diola. Hong Kongeko gobernuaren aurkako protesten hamahirugarren astean adierazi du estradizioen lege proiektua baztertuko duela, eta protestak ez dira gelditu oraindik.

Lege proiektua baztertzea izan da lehen urratsa, baina beste neurri batzuk ere aurkeztu zituen Lamek atzo. Herritarrekin elkarrizketak izateko plataforma bat zabalduko du, eta gazteen etxebizitza eta mugikortasun arazoei aurre egin nahi die; egungo geldialdiari egotzi dio egoera ekonomiko eta sozial eskasa. «Gizartearen atsekabeari heldu, eta irtenbideak topatu behar ditugu», esan zuen.

Txinarako estradizioen lege proiektua zegoen manifestarien jomugan, baina beste lau eskari ere badituzte Lamentzat. Hainbatek adierazi dute gobernuburuaren erabakia ez dela nahikoa. Eskatu diote atxilotuak askatzea, Poliziaren indarkeria ikertzeko «talde independente bat sortzea», manifestazioei «istilu» ez deitzea, eta herritarrek aukera izatea ordezkariak «era demokratikoan hautatzeko».

Protestek hartu duten neurriagatik, jatorrizko eskariak baino pisu handiagoa hartu du Poliziaren erantzunak. Halere, Lamek berretsi du gobernuko erakunde batek ikertuko duela Poliziaren indarkeria, eta ez kanpoko talde batek, protestariek eskatu bezala.

Aurrera, indarkeriarik gabe

China Daily Txinako Alderdi Komunistaren egunkari ofizialak atzoko edizioan adierazi zuen Lamen erabakia «komunitateak egindako eskarien erantzun zintzoa» izan dela. Editorialaren tituluak adierazten zuen protestariek orain ez dutela «indarkeriarekin segitzeko aitzakiarik». Lamek esan zuen «aurrera egitea» dela haren asmoa, eta China Daily-k ere «egonkortasuna itzultzea» nahi du, arazo ekonomikoei aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.