Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Fueratzaileak

2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Gari Garaialdek Errege egunean Twitterren kontatu duelako dakit bost lagun utzi zituela kale gorrian bezperan Gurutze Gorriak Irunen. Saiatu udalak pertsona zaurgarrientzako duen «hotzaren dispositiboan» sartzen eta udaltzainek arrapostu, baliabide hori ez dela «trantsitoan» direnentzat. Hurrengo goizean topatu zituzten Irungo Harrera Sareakoek. Gau berean, mugaren bestaldean, bi emakumek eta haur txiki batek eman zuten gaua kalean, Jendarmeriak halaxe zertuta. Hiru gradu zeuden kanpoan.

Bilbon, Atxuriko kirol kantxak hesitu ditu udalak. Hilabeteak zeramatzaten bertan aterpetzen Afrikatik heldutako gazte batzuek. Itxitura jarrita, handik ere kanporatuak izan dira. Beste estalperen bat topatu beharko dute hemendik atzera. Auzotarrei eskerrak ematen ikusi ditugu egunotan.

Batetik bestera beti, pausatzeko eskubiderik gabeko miñanak. Eta pobreen kontrako gerra deklaratu gabe honetan, atzerabiderik gabeko estrategia hartu da. Dena da saio eta ahalegin, baita kale-altzarien diseinuan ere: altzairuzko arantzak denda handien eta bankuen kosketan; erditik zatitutako aulkiak bus geltokietan; bakarkako jesarlekuak parkeetan... Diseinu erasokorra nahinon, ez dadin inor luzaroan eserita egon; ez dadin inor inon etzan. Poliziek beharrean, altzariek fueratuko dituzte begi bistan nahi ez direnak. Apustu estetikoa da. Zenbat eta halako gutxiago agerian, orduan eta ederragoak hiriak.

Administraziotik zein oligopolioetatik, bikain landua dago: lanean eta etengabean kontsumitzen gabiltzan ginoan gara egiazko herritar. Non ibili behar dugun esaten zaigu, non eser gaitezkeen. Horra fueratzaileen leloa: ongi etorri, hori bai, dirua baduzu. Gune publikoaren komertzializazioa nagusitu da; kalea merkataritza gune erraldoi bihurtzea da helburu. Negozio handien eta handien negozioen mesedetan, ahal bada.

Gerra garbia da fueratzaileena, erruki kanpaina eta guzti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.