Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Potin bat

2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bezperan ezagutu nituen Felix eta Joao, Ponta do Sol-eko ostatu batean. Cruzinha parean landatu genuen aingura. Handik berehala, durduz, bisigu ahobeltzez eta arrain hegalariz bete zitzaigun zola. Eguerdi iria zen portua jo genuenerako. Hatza luzatu zuen Joaok: «Ikusten hura? Duela astebete topatu genuen itsaso zabalean». Potin zurixka bat zen, izena arabieraz margotua. «Inor ez zegoen barruan».

Egun hartatik hogei urtera, Cabo Verden barik Tobagon agertu zen ontzia. Aldea, hura ez zegoela hutsik. Tosta tartean, hamalau gorpu aurkitu zituzten beste Joao eta Felix batzuek. Hezurrez gain, ikerlariek arropa bildu zuten, mugikorrak eta mila CFA libera. Pizarrotatik abiatuta, AP agentziako bi kazetarik dozenaka elkarrizketa egin zituzten Afrika mendebaldean. DNA probak egin zituen Gurutze Gorriak. Orain eman dira ezagutzera emaitzak: 135 egun lehenago, Mauritania, Mali eta Senegaleko 43 gazte abiatu ziren Nouadhibouko portutik. Kanariar Uharteetara heltzeko asmoa zuten, baina Kristobal Kolon bultzatu zuen ur-laster berak atera zituen bidetik.

Kazetari bien lanari esker, ontzian zihoazenen izenak atera dira Atlantiko hondotik. Eta hala, giza dimentsio ikaragarria eman zaio potin hutsari. Ikustea da kontua. 1941ean, Alsina ontzia partitu zen Marseillatik. Bertan, frankismotik aurrena eta naziek okupaturiko Frantziatik ondoren, ihesi zihoan jendea. Dakarrera heldu zirenean, kontzentrazio eremuetan sartu zituzten. Casablanca jo zuten handik. Irten eta hamar hilabetera heldu ziren Mexikora, hasierako helburura. Besteak beste, eta beren familiak lagun, Telesforo Monzon zihoan bertan, Bingen Amezaga, Jose Tellagorri, Constantino Salinas, Nestor Basterretxea gaztea… Euskal Herria ulertzeko ezinbesteko izenak asko. Osorik iritsi ziren guztiak.

Ez dago bi egoera parekorik. Baina erabat galduak geundeke ez bagenitu bateko bidaiarien itzalak ikusiko bestean..
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.