Sarkozyk ukatu egin ditu karguak, eta politika utziko duela esan

Frantziako presidente ohiak gezurretan aritzea leporatu die Gaddafiren ingurukoei; adierazi du ez duela sekula jaso hark emandako dirurik
Politika uzteko asmoa duela adierazi du Nicolas Sarkozyk, baina aurrez bere izena garbitu nahi du.
Politika uzteko asmoa duela adierazi du Nicolas Sarkozyk, baina aurrez bere izena garbitu nahi du. IAN LANGSDON / EFE

Jon Ander De la Hoz -

2018ko martxoak 23
Nicolas Sarkozyk ukatu egin du 2007ko presidentetzarako hauteskundeetan kanpaina legez kanpoko finantzaketaren bidez ordaindu izana. Hala esan zuen asteartean eta asteazkenean, Poliziak atxikita eduki zuen bitartean, eta gauza bera adierazi zuen atzo; akusazio sorta Muammar Gaddafi Libiako agintariaren ingurukoen «mendekua» dela azaldu du. Bere izena garbitu eta politika uzteko asmoa duela iragarri du TF1 katean egin dioten elkarrizketan.

Frantziako presidente ohiak esan du ez dagoela bera inputatzeko «froga fisikorik»: «Poliziak atxikita eduki ninduen 24 orduetan saiatu nintzen azaltzen ez zegoela norbait inputatzeko beharrezko den ebidentziarik». Sarkozyk azpimarratu du «inolako ordainketarik» ez ziola egin Gaddafik, eta ez dela sekula bildu Zaid Takkiedine enpresari eta bitartekariarekin. Aurkakoa adierazi zuen 2016an Takkiedinek; haren esanetan, 2007an 200 eta 500 euroko billeteekin betetako hiru maleta eraman zituen Tripolitik Parisera, eta Sarkozyri eta Claude Gueant ministro ohiari eman zizkien maletak.

Takkiedinerekin bildu izanaren frogarik ez dagoela esan du Sarkozyk: «Ikerketek diote ez naizela sekula ibili gizon horren inguruan; gainera, berak ere deklaratu zuen inoiz ez dudala Eliseoan jaso». Taikkiedine «gezurti bat» dela dio Sarkozyk, eta horren adibidetzat jarri du enpresaria difamatzeagatik zigortua izana: «Taikkiedineren sinesgarritasunik eza kontuan hartuta, haren esanak ezin dira izan inkulpazioaren oinarri ».

Halaber, Frantziako presidente ohiak uste du Mediapart atariak 2012an argitaratutako dokumentuak ere ez duela balio haren aurkako prozedura abiatzeko. Atariak argitaratu zuen dokumentuak Musa Kusa Libiako zerbitzu sekretuetako buru ohiaren ohar bat zekarren; ohar haren arabera, Gaddafiren gobernuak 50 milioi euro eman zituen Sarkozyren kanpaina ordaintzeko. Sarkozyk «manipulazioaren gailur» gisa kalifikatu du ohar hori.

Sarkozyk esan du «infernuan bizi» dela 2011ko martxoaren 11z geroztik. Egun horretakoak dira Sarkozy legez kanpoko finantzaketarekin lotzen duten lehen adierazpenak; handik gutxira hasi zen Libiako agintaria gobernutik botatzeko kanpaina militarra. Sarkozyk horrekin lotu ditu akusazioak, eta uste du «Gaddafiren klanaren manipulazioetan» oinarritzen dela bere auzipetzea. «Mendeku» horren barruan kokatzen du Sarkozyk Abdula Senusi eta Bechir Saleh Gaddafiren kolaboratzaile izandakoek hura finantzaketa ilegalarekin lotu izana: «Oinarririk gabe akusatu naute Muammar Gaddafik eta haren semeek, ilobek eta adiskideek».

Azaldu duenez, «Gaddafiren ingurukoek bere aurka abiatutako mendeku saiakerak» bultzatu du auzia, eta esan du akusazioak ezin direla «epaiketarako froga gisa erabili». Epaileek asteazkenean inputatu zuten Sarkozy, legez kanpoko finantzaketa leporatuta. Auzitegiak bost urte igaro ditu kasua ikertzen. Instrukzio fasearen ostean, legez kanpoko finantzaketa, ustelkeria eta Libiako diru publikoa jaso izana leporatu diote Errepublikanoak alderdiko politikariari.

Halaber, epaileek zenbait neurri ezarri dizkiote Sarkozyri. Besteak beste, presidente ohia ezin da harremanetan egon bere gobernuko ministro izandako Brice Hortefeux eta Claude Gueantekin; kasuan inputatuta dago Gueant ere. Horrez gain, epaileak hainbat herrialdetara bidaiatzeko debekua ezarri dio Sarkozyri. Herrialde horien artean dago Libia.

«Interbentzioaren ordaina»

Sarkozyren ustez, Gaddafiren ingurukoen akusazio sorta Libian eginiko «interbentzioaren ordaina» da. Azaldu duenez, bera izan zen «Gaddafiren sistema amaitu zuen nazioarteko koalizioko burua», eta hargatik egin dituzte «akusazio faltsu horiek». Sarkozyk esan du hargatik abiatu zutela bere aurkako kanpaina, eta bere ibilbidea «gezur eta astakeriekin zikintzen» saiatu direla Gaddafiren gertukoak. 2012an François Hollanderen aurka galdu zituen hauteskundeak jarri ditu horren adibide: «Gaddafik eta haren morroiek sortutako polemikarengatik, puntu eta erdi galdu nuen hauteskundeetan». Hain justu, Hollandek alde hori aterata garaitu zuen Sarkozy.

Frantziako presidente ohia izan zen nazioarteko esku hartze militarraren bultzatzaileetako bat, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministro oiharekin batera. 2011ko martxoan hasi zen esku hartzea; urte bereko urrian hil zuten Gaddafi matxinoek. Bere aurkako akusazioak «horren mendekua» direla dio Sarkozyk, eta politika utzi aurretik izena garbituko duela dio: «Barren-barreanean minduta nago, nire herrialdearengatik eta nuen karguarengatik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna