Corbynek laboristen arteko oreka bilatuko du alderdiaren kongresuan

Balizko hauteskunde orokorretan eta 'brexit'-ari buruzko bigarren galdeketan izan beharreko jarrerez eztabaidatzen hasi dira. Buruzagiak lau puntuko bide orri bat proposatu du datozen asteetarako

Jeremy Corbyn laboristen buruzagia, herenegun, klima larrialdiaren kontrako protesta batean, Londresen. WILL OLIVER / EFE.
ander perez zala
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Iritsi zaio garaia Jeremy Corbyni: 2016ko erreferendumaz geroztik jarrera anbiguoa izan du brexit-aren inguruan, eta modu batera edo bestera lortu du jarrera finko bat izateko presioak saihestea. Horrek, baina, haserre handia eragin du Alderdi Laboristaren barne sektoreetan, eta zatiketa handituz joan da hilabeteek aurrera egin ahala. Inkestek aurreikusten dioten porrotak eta barne presioek bultzatuta, laboristen buruzagiak bigarren galdeketaren defentsara bideratu du jarrera, nahiz eta hasiera batean ez zen horren aldekoa. Orain, hauteskundeak berehalakoak direla aintzat hartuta, Corbynek berebiziko une baten aurrean ikusi du bere burua: alderdiak urteroko konferentzia hasi zuen atzo, eta, asteazkenera arte, alderdikideek boz horietan eta etor litekeen bigarren galdeketan izan beharreko jarreraz eztabaidatuko dute. Talka erraldoia izan daiteke.

Laboristen buruzagiak ez du egiteko samurra: kongresu amaierarako manifestuari laurogei emendakin aurkeztu dizkiote jada, eta barne sektoreak borroka betean ari dira euren jarrera inposatzeko, alderdiarena izan dadin. Horien artean daude, besteak beste, alderdiak Europako Batasunean (EB) geratzea defendatu behar duela uste dutenak.

Oreka bilatzeko, eta orain arteko anbiguotasunari heltzeko, Corbynek lau puntuko bide orri bat proposatu du. Lehen partea hil honetan abiatu du, oposizioko gainontzeko alderdiekin itunik gabeko irteera lege bidez blokeatuta. Hurrengo biak gauzatzeko, boz orokorrak egin beharko lituzkete: horiek irabazi, Bruselara joan, eta akordio berri bat negoziatzeko asmoa du, Erresuma Batua aduana batasunean geratzeko eta merkatu bakarreko arauekin lotura izateko.

Hortaz, azken pausoa bigarren erreferenduma egitea litzateke, herritarrek bi aukeren arteko hautua egin dezaten: hark negoziaturiko itun berria, edo EBn geratzea. Kasu horretan, zer egingo luke Corbynek? Lehen ministro gisa, neutrala izan, eta kanpainan ez parte hartu. Estrategia horrekin, laboristen buruzagiak alderdiko sektoreen eta boto emaileen arteko orekari eutsi nahi dio.

Alderdikideen baiezkoaren zain, kanpoan beste arazo politiko bat du Corbynek, liberal-demokraten presioa erabatekoa baita. Alderdi horrek konferentzia izan du asteon, eta, Jo Swinson buruzagi berriak proposatuta, indar politiko horren helburu bilakatu da Erresuma Batuaren irteera gelditzea; kongresuaren aurretik, alderdiaren lehentasuna zen bigarren galdeketa egitea, hitzordu horretan EBn geratzearen aldeko kanpaina egiteko. Konferentziaren ostean, irteera prozesua gelditzea izango litzateke balizko gobernu liberal-demokrata baten lehen erabakia.

Jarrera berri horri esker, inkestek beherakada bat aurreikusi diete laboristei, eta, You Gov etxearen arabera, boto gehien lortuko lituzketen indarretan hirugarrena izango lirateke (%21), kontserbadoreen (%32) eta liberal-demokraten (%23) atzetik.

Hasiera gatazkatsua

Brightonen (Ingalaterra) abiaturiko konferentziak ez du hasiera erraza izan. Jon Lansman Momentu taldeko kideak —Corbynen gertukoak dira buruzagiorde kargua kentzeko mozio bat aurkeztu zuen atzo, baina horren atzean zegoen helburua Tom Watson egungo karguduna botatzea zen, azken hilabeteotan Corbynekin kritiko izan den politikaria.

Watsonek defendatu du bigarren galdeketa bat egin beharko litzatekeela hauteskunde orokorretara deitu aurretik, eta horrek guztiz talka egiten du buruzagiaren jarrerarekin. Ordea, barne gatazkak ez sakontze aldera, laboristen buruzagiak mozioaren bozketa blokeatzea erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.