Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Torturatzaile baten aitortza

2018ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Emakume bat eta gizon bat buruz buru. Kazetaria da aurrena, polizia bestea. Egoerak hartaratuta, torturaz ari dira. Tolesik gabe ageri da legearen zaindaria, ez da lotsarik haren hitzetan, ez damu izpirik. «Emakumeak badaki zer den mina, badaki zer den hankagorri bat izatea, haur bat. Gizonak, berriz, ez du inoiz halakorik izan. Emakumea gauza bada70 zentimetroko ume bat zesarearik gabe munduratzeko, edozer jasan dezake, ze emakumeak ez du ematen, ez du deus ematen. Ez da hain ahula. Gogorragoa da».

Ahoan legarrik gabe mintzo da. Gizon zintzoa da:«Korrontea emateko titi-puntetan jartzen dira bi pintzatxoak, eta beste bi aluan. Makinatxoari eragin eta orduantxe egiten du zartadatxoa». Ezinago zintzoa: «Baina bortxatu, sexualki bortxatu, ez. Galdetu, galdetu lasai DINAtik igarotako edozein emakumeri! Inor nik bortxatutakorik? Inor ez!».

Mercedes Soler kazetariaren aurrean bere bizitza eta lana xehatzen ari den Osvaldo Romo Menak hanka-joko bizkorrean atera behar izan zuen Txiletik Brasilera. Harrapatu zutenean, sorterrira itzuli, epaitu eta kartzelan sartu zuten. Urde zantarra da Romo Tripaundi komandante ohia, piztia okaztagarri bat. Sistemak berak bota du satsetara, izan ere, nork nahi du halako sadiko bat lagun.

Emakume bat eta gizon bat buruz buru, Txiletik urrun, handik ia mende laurdenera. Torturaz ari da Manuel Pastrana guardia zibil jubilatua ere, Laura Rosel kazetariarekin. Romo bezala, gerora hilduratuko zituenen artean ibili zen infiltratua gizona; eta Romo bezala, ohar enpirikoak egiteko gai da orain irribarretxoa loratzen zaion artean: «Oro har, euskal herritarrak makalak dira, ikutu orduko kantatzen dute».

Baina Romok ez bezala, Pastranak ez du ihes egin beharrik izan. Sistemari ez zaio asaldagarri elkarrizketan dioena, ez da piztia bat, egin duen lanagatik esker ona zor zaion gizon zintzoa baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.