Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Elefante baten amorez

2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Animalia babestuei diegun txerak behartu gaitu gillotina ateratzera historiaren armairutik. Gauza bat garbi baitago, Botswanako elefante eraitsiagatik ez balitz, ez ginatekeela orain errege zaharraren kontra ariko tiroka. Baina egun, hori dute animalia pitxiek, gizakiek berrogei urtean erakustea lortu ez dutena atoan ikusarazten digutela. Eta zer plazer handiagorik ehiztaria ehizatzea baino. Horra hor, metaforak metafora, garai sentikorren abantailak.

Bastillaren erasoa ezin liteke porrota izan oraingoan. Sentsibilizazio kanpaina maila guztietara hedatu da, gorenean dabil. Aparteen dabilenak ere hamaika dokumentu, meme eta bideo jasotzen ditu egunero, Corinna zu Sayn-Wittgenstein ustezko printzesaren adierazpenekin ez bada Iñaki Anasagastiren etorri-jardunekin, irriz eta mirriz play-boy zaharraren lepotik.

Errepublika, hemen da. Ez dakit zer argudio politiko erabiliko duten Foru Nazioaren publizistek dena txantxa izan dela saltzeko, nola sinetsi dugun benetan ituna izan lezakeela gure aberriak honelako satrapa mozkor, buztan-ikara eta lapurrarekin (bada, adorearen mugan, hiltzaile ere deitzen ausartzen denik), eransteko gainetik ez dela bakarra, odoletik datorkiela familiako guztiei. Ez dakit, baina asmatuko dute, saldu digute gauza zailagorik.

Eta Bastilla errauts bihurtuko duen pospoloa piztu dugula, inoiz uste ez genuena ari da gertatzen. Real Sociedad de Futbol SADk izena aldatzea erabaki du hurrengo denboraldia hasterako, eta koroia ere erauzi dio baloiari ikurretik, jokoa garbiago izan dadin, Jainkoaren eta gizakien arteko bitartekariaren laguntzarik gabekoa. Real Sociedad Bascongada de Amigos del Paisek adierazi du dena prest duela azkenik bere historiaren errebisio kritikoa egiteko, eta Euskaltzaindiak ere hitz eman du ez duela espainierazko izenik erabiliko hemendik atzera.

Hemen da Egunsentia. Botswanako elefante baten amorez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.