Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Baloiaren pisua

2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Badira ia hiru urte Ignacio Robles suhiltzaileak mugarria ezarri zuela kontzientziaren borrokan. Bilboko portura bidali zutelarik zamatze lanak zaintzera, eta kontainerrei susmoa hartuta, uko egin zion zegokiona betetzeari. 730 tona ziren guztira, bonba eta mortero proiektilen artean, Saudi Arabiara zihoazenak; duda izpirik gabe, Yemengo gerran erabiltzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak ireki zion espedientea Robles kaboari, «bere lana ez betetzearren». Salaketak bere literatura du: ontziaren maniobra 14 minutuz atzeratu zuen uko harekin, «arriskuan jarri baitzuen biztanleria». Presioak portuko agintaritzatik ere heldu ziren. Saudi Arabiako Bahri konpainia ez da zilborreko litxa Bilbokoan. Bisnessa bisnessa da.

Ordurako, Europako Parlamentua bazebilen akordio baten bila errotik eteteko Saudi Arabiara egiten ziren bidalketak. Nazio Batuen Erakundeak ematen zion bermea: Yemengo gerra «egun munduan den hondamendi humanitariorik nagusiena da», eta Riadeko gobernua da erantzule handienetarik milaka zibilen heriotzean. 2018an eman zuen azkenik debeku agindua. Baita euskal enpresentzat ere.

2015ean heldu zen Xavi Hernandez futbolaria Barçatik Qatarrera, entrenatzaile aritzeko. Beste europar jokalari askorentzat bezala, erretiro atariko lantoki bihurtu dira Oman golkoko emirerriak. Beroak bero, zakarra galanki irabazten da. Ikuskizunaren begi-begian dago han, gainera. Qatarren ospatuko da 2022ko Munduko Futbol Txapelketa. Ia esklabo gisa ari diren bi mila langiletik gora hil dira dagoeneko estadioak eraikitzen. Ikusminez hartuko dugun estreinaldirako, lau mila izango direla pentsatzen da, atzerritarrak guztiak. Baina Xavi Hernandez bertakotuta bizi da: «Qatarrek dena eman digu, arrunt toki erraza da bizitzeko».

Eliteko futbolak badu hori. Eguneroko bizitzan onartezinak diren jardunak, barkagarri zaizkio. Galde diezaiotela bestela Saudi Arabiaz Aperribai Realeko presidenteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.