Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Asmatzen

2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Euskararen mugak bertaraino heltzen zirenekoa da Santiago Mairuiltzailearen istorioa. 844an gaude, Leza eta Iregua haranen artean, Errioxan. Kontakizunak dio nazkatuta Ramiro I. Asturietakoa Abd ar-Rhaman II.aren txantajearekin, alegia, bakearen truke urtero ehun neskatxa birjina eman behar zizkion eskaerarekin, sarrazenoei aurre egitea erabaki zuela azkenean. Hala elkartu omen ziren Clavijo inguruan bi armadak buruz buru. Akituta, galtzeko denak omen zituzten kristau urrituek guda zelaian. Galtzeko denak... harik eta halako batean soldadu bizkor bat agertu zen arte zaldi zuri sendo baten gainean, eskuan zilarrezko ezpata zekarrela. Haren deiadarrak zerua urratu zuen: «Santiago eta itxi, Espainia!». Jaun Done Jakue zen, Santiago apostolua, Jesus Nazaretekoaren taldean ibilia eta Herodes Agripak martirizatua. Egun hartan, 70.000 mairuri zintzurra egin omen zien berak bakarrik, guda zelaian zeuden borrokalari guztiak baino anitzez gehiagori.

Harrezkero, hamaika batailatan agertuko da zaldun bulartsua tropa kristauen buru historiografia aberkoiak Errekonkista deitu izan duen horretan. Nola ez zien lagunduko Galiziako Compostelan bazegoen ehortzia. Errealitatea fikzioarekin nahasean, egun irribarrea loratzen diguten istorio nazionalista horietako bat, baina Kixote-tik El capitán Trueno-ra, mendeetan espainiar sentiarazteko era moldatzen lagundu duena.

Nahi izan du kasualitateak Santiago egunez ekitea Clavijotik apartean, Istanbul ederrean, musulmanak borrokari berriro, sinbolikoki orain ere. Atatürken garaitik museo izan den Hagia Sofia meskita bihurtuta, hemen nago ni aldarrikatu du enegarrenez Erdogan estratega handiak munduaren aurrean.Zortzi mende dira Santiago Mairuiltzaileatarrek gauza bera egin zutela Kordobako meskitarekin.

Zaharra da kontua. Abertzaletasunaren arrakasta asmatzen asmatzean datza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.