LARREPETIT

Ontziburu!, nire ontziburu!

Iñigo Aranbarri.
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Mundua du zain Koldo Ansak Barañaingo Alaitz institutuan. Azken eguna du erretiroa hartu aitzin, eman du azken eskola eta ikasleen txaloek bildu dute. Esker oneko oihuek lagundu diote eskaileretan behera, hunkituta, nola erantzun ez dakiela. Irudiak hirira eta mundura zabaldu direlarik, irakaskuntzan dena ez dagoela galdua esan da. Ezina ekinez egina: piztia zuldartsu suharrak gai dira pedagogiaren oinarri primitiboan urtzeko.

70eko hamarkadako hondarretan, gazteleraz ikasten genuen Azpeitiko institutuan. Borondatezkoa zen euskara ikasgaia, eta borondatea jartzen zion irakasleak. Ez deklinabiderik, ez aditz inposiblerik. Etxean zituen euskal liburuak zaku batean sartuta agertzen zitzaigun gelan. Mahai gainean zabaldu eta nahi zuena hartzen zuen bakoitzak. Kasetean musika jarri eta irakurtzen ematen genuen saioa. Halaxe kurtso guztia. Gero, irakurritakoaz idazteko eskatzen zigun, besterik ez. Hala ezagutu genituen Aresti, Urretabizkaia, Saizarbitoria, Lasa biak, Izagirre, Ustela saila, Pott bandaren Braga, Blaga eta Praga eta Hego haizearen konpasean zoragarria. Pribilegiatu alaenok, literaturaren bidez alfabetatu ginen. Lotsagabe, geu ere antzeko zerbait idazteko gai ginela sinetsi genuen.

Baldinbaitere, ezin hasiko gara gertaera puntualen estrapolazioaren defentsan orain. Poeta Hilen Elkartea ere dramatikoegia da inon aplikatzeko. Formula unibertsalik ez da, baina ikasleek estimatzen dituzten bideak, hor daude. Pazientziaren munta aipatu du Ansak, errespetua. Tokian-tokian, asmatu egin behar non eta nola iritsi. Batzuek, bistan da, asmatzen dute. Eta uste aldean parrastada dira arrastoa uzten duten irakasleak, usu txaloka agurtzen ez badira ere.

Iñaki Azkune Igarate-ri esku-zartarik gabe esan genion adio. Orduan ez zen halako ohiturarik. Gainera, institutuan ez genuen eskailerarik bideorik grabatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.