Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Gure patroi handia

2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Ez du beste inork halako deboziorik. Gipuzkoa-Bizkaietan, santu hartua da bietan, eta ospakizunetarako motibo haren jaioteguna XVII. mendetik. Hiri Buruzagian, han daramate kapitain zauritua andan bere etorbidean barrena, begi eroriz beha Carlos III zinemaren zuloan altxatu duten eraikin brutalistari. Bidasoaz iparreko lurretan, berriz, tradizioa izan da Loiolarako bidaia. Horia zein berdea, ez da Izarra edari maïte paregabea han adina beste inon edan, kantinako barrako liketan preso hildako euliek dakite ondoen. Diasporako euskaldunentzat, San Inazio eguna izan da tradizionalki benetako Aberri Eguna. Ez da kasualitatea, 1895ean, uztailaren 31 aukeratu zuten Luis eta Sabino Arana anaiek alderdi berria, Bizkai Buru Batzarra, abantarazteko.

Aski hitz egin da Nafarroaren konkistan aritu zen Leringo konde etoarean lagun Iñigoz. Zer esanik ez Konpainiaz, euskaldun baten asmakizunik ezagunena munduan, pilota, kooperatibak eta Sanferminen gainetik. Iruñean erori baino sei urte lehenago, ordea, badu Loiolakoak beste balentriarik. Perez Arregi jesuitak dakar datua: 1515ean Azpeitian prozesaturik agertzen den gizona, ez da dudarik, San Inazio bera da. Anaia Pedro izan zuen lagun, Azpeitiko erretorea. Salaketak «izugarritzat» jo zuen inaute gau hartan gertatua. Beste jesuita batek, Paul Dudonek zehazten du zergatia: «gauez egindako erasoak eta ibilaldi lizunak». Aditzaile onari, hizketak urri.

Eta hahor guztiaren gakoa. Jose Artetxek, herrikidea halabeharrean, azaltzen du hobeto: «Horrelakoak ziren Loiolatarrak. Bekatari handiak, dudarik gabe. Baina ez dezagun ahaztu Kristok baztertu egiten dituela epelak. Epela nekez izango da santu. Bekatariak errazago du, agian; hain behera jaitsita, hobeto ikusten baitu zein gora igo daitekeen, nahi badu».

Ezin liteke egokiago azaldu. Zenbat zor dioen politikak katolikotasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.