Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Erantzuna

2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Berez da maltzurra galdera: Sute bat dago Louvren eta bakarra ateratzeko denbora duzu. Zer salbatuko zenuke, Gioconda ala bisitari bat?

Orain 47 urte, suak hartuta zebilen Europa ikusirik Francok ez zuela asmorik bertan behera uzteko fusilamentuen agindua. Erroman, 150.000 manifestari bildu ziren. Termini geltokian, garretan kiskali ziren espainiar turisten autobusak. Frantzian, espainiar interes ekonomikoen kontrako boikota bultzatu zen. Olof Palme itsulapikoarekin atera zen kalera dirua biltzeko kondenatuen familientzat. Egun, inoiz gertatu ez direla sinestarazi nahi dizkiguten ekintzak guztiak. Lisboan, su eman zitzaion Espainiako enbaxadari.

Irailaren 26ko istiluetan Palhava jauregian zer galdu zen, urteetan diktadorearen irudia garbitu duen prentsak zabaldu izan du. Ez zen zauriturik izan, baina «gorrotoak horditutako samaldaren» erasoan Luca Giordano napolitar margolari barrokoaren sei koadro handi erre ziren, baita Mariano Sanchezen beste zortzi lan ere eta hainbat tapiz eder, Pradoko museoak utziak guztiak enbaxadoreari. Jendekera lunatikoa, galera justifika ezin duen jarrera basa. Eta alferrikakoa gainera. Hurrengo goizean, jauregiko garrak artean ketan zirela, berdin-berdin hil baitzituzten Txiki, Otaegi, Baena, Sanchez Bravo eta Garcia Sanz.

Ameriketako Estatu Batuek 2008an zenbait dokumentu desklasifikatu zutenean jakin ahal izan zen, exekuzioak baino hilabetetxo batzuk lehenago, Carlos Arias Navarro presidenteak behin eta askotan erakutsi ziela asmoa Portugalen kontrako gerran sartzeko. Kezka handia omen zuen Francok Krabelinen Iraultzaren osteko giroagatik. Kooperazioa eskatzen zion Carnicerito de Malagak Kissingerri. Ez batzuen kableetan ez besteenetan, ez da inon ageri balizko erasoan suntsituko liratekeen artelanekiko kezka izpirik.

Bitxia da, Louvreko galderari beti eman izan zaio erantzuna historiaren bidegurutze bakoitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.