Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Zaldiaren ordezko

2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Pacasmayo zain-errezebilen Limako El Sexto kartzelan. Xakea egiten ari zen, ogi mamiz osatuko zituen figurak. Gauza bat zuen argi, irudiek ezin zuten armada arrotz bat sinbolizatu.Eta hala obratu zuen papur bustiz Inka handi bat, Erregea izango zena. Eta Koia bat, Erreginaren ordain. Eta pucarak, dorre europarren partez. Zaldiarekin sortu zitzaion kezka. Zer animalia aukeratu behar zuen?

Llama otzanegia zen, ezin joan daiteke konkistatzaileen kontra zamarako animalia polit batekin. Iritzia eskatu zuen. Prieto deituriko batek kondorra proposatu zion, osterantzeko piezen gainetik pasatzeko duen ahalmenagatik. Egokiagoa iritzi zion Camac meatzari sindikalistarenari. Hurrengo egunetan, guztiek egin zituzten senperrenak puma baten argazki ganorazko bat lortzeko.Turista bati osteagatik bost urteko zigorra betetzen ari zen menditar batek ekarri zion erasokorrena zirudiena. Harkaitz gainean zituen atzeko hankak, eta airean aurrekoak erpetuta, belarriak atzerantz eta ahutzak zabalik.

Hurrengo egunetan, xake faktoria bilakatu zen galeria. Bisitek atera zituzten, kaleetan saltzeko. Ez zuten bakarra saldu. Azoka guztietan llamak hartua zuen, inken tropen artean, konkistatzailearen zaldiaren tokia. Llama bat zaldiaren kontra! Espetxeko argiak itzaltzen zituztelarik, negarrez igartzen zuen ziegakideak Pacasmayo.

Madrilen, hiru gaztetxo ttuka eta irainka metroan aurrean duten bikoteari: «Panchito kakatzarrak, urratutako kondoi baten ondorioa haiz eta! Nazkagarri hori! Jakina, oihanean kondoirik ez daukazuenez…». Arguedasen istorioaz oroitu naiz. Eta Pacasmayok bezala, geuk ere gure piezak egokituko begenitu? Agian zaldiak ez liguke balioko, piztia zikinagoren bat behar genuke beharbada, garenaren ikur zintzoagoa etengabeko gerra sinboliko honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.