Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Zozomikoteak

2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Ez du alde handirik esaundak batetik bestera. Ba omen zen artzain harroputz bat, ehun ardi eta ahari eder bat zituena. Hain zen mukerra, martxoari ere egiten zion burla eta barre: «martxo, txartxo, nire ardirik eskasenak egiten ziok hire errekari salto». Ezin eramanik haren harrokeria, bi egun eta erdi eskatu omen zizkion martxoak apirilari, mendekua taxuz hartzeko. Apirilak eman. Eta hala, hor hasi omen zen haizea harrotzen, ekarri omen zuen euria ausarki, eta ekaitzak leizean behera amilarazi ehun ardiak. Orduan artzainak, aharia behintzat ez zuela harrapatuko agindu bere buruari eta, lepo gainean hartuta, errekan sartu zen, bestalderako asmoz. Zer da kontua, uraren emanak izuturik, ahariak burua kolpetik biratu eta hor atera ziola begia artzain harroari.

Eguraldi nahasiaren garaia izan da, herri kontagintzan, zozomikoteen hau. Ez negu, ez uda, zozoak maite kontuetan hasi baina oraindik aro petralak habian hil ditzakeena: «zozomikote egunak, tristeak eta ilunak». Eta halaxe, txepel, baina famari eusteko lain ekin dio apirilak aurten ere.

Ilunpetik ihesi, albistegiaren argiari beha paratu naiz: oinarrizko gaien garestitzeak ez du etenik; hemen da energia krisia eta ez dugu ordezkorik; Adimen Artifiziala 300 milioi lanposturen lapur; goseak eta gerrak lekutuak trumilka ate joka; hezur eta azal hartz zuria izotzetan orroz; herritarrak artatzeko gai ez den osasungintza dugu; hotel bihurturiko hiriak; etorkizunik eta bizilekurik gabeko gazteria; eutsi ezin zaion pentsio sistema; hiztunik gabeko hizkuntza; prekaritatea, feminizidio finkatua, ezer ondo ez dabilen herria… eta azak ontzeko, gerra nuklearraren xuxurla belarri ertzean.

Ez genuke gizakiarenganako fedea galdu behar. Eguraldi gorabeherak direla eta apirilari hain istorio polita asmatzeko gai denak zer ez ote du kontatuko, eta nola, Apokalipsia hemen dugula, bere lore guztiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.