Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Gela bat gaztaroan

2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Behar zuen epikotasunak horma bat gure ikasle-pisuan. Eta posterrean, Emilia-Romagnako nekazari batzuk mulkoan, antolatuak, etorkizuna irabaztera. Oraintxe hartuko nuke gustura Novecento filmak orduan eragin zigun zirrararen laurdena, baina ez dago erraza.

Abila izan da Bertolucci nahi bezala jokatzen ikusleen emozioekin. Gugan epika bezala, beste barne-mundu bat asaldatzea lortu zuen gure aurrekoengan Azken tangoa Parisen jazartuarekin. Hil denerako, ordea, zer genuen hartatik guztitik. Errealitatea pantailakoa etengabean zikintzen saiatzen den langarra da.

Maria Schneiderren adierazpenek jarri gintuzten atezuan:«(Gurinaren eszenaz ari dela) Ekintza simulatua da, baina malkoak benetakoak dira». Egunotan, filmaketako xehetasunak iltzeak bezala jausi dira hil berriaren gainera atzera ere. Bertoluccik eta Brandok, bien artean gordean izan zuten nola filmatuko zen bortxaketaren eszena, orduan hemeretzi urte zituen Schneiderren ezkutuan. Honek ezin izan zion gertaerari bueltarik eman, «bizitza hondatu zidaten».

Okerrena da Schneider hil ondoren, azkenean Bertoluccik hitz egin zuenean, dena egin zitzaigula are terribleagoa: «Mariaren erreakzioa nahi nuen, neska eta aktore bezala, umiliazio-ekintzaren aurrean erantzutea nahi nuen. Senti zezala nahi nuen, ez interpreta zezala. Errudun sentitzen naiz, baina ez dut horren damurik. Uste dut filmetan, zerbait lortzeko, erabateko hoztasunez jokatu beharra dagoela».

Kolpetik, estrapolazio eroak datozkit. Bertolucci Lasa eta Zabala-ko tortura eszenak filmatzen, aktuazioa bazter utzita, aktoreen benetako erreakzioen bila. Eta kolpetik, adierazpenetan geratu naiz katigatuta. «Erabateko hoztasunez jokatzea» da Brandonek eta berak egin zutena? Odola izoztu zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.