Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Estrukturala

2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Asko ikasten da kartzeletara bisitan joanda. Ez seguru barruan ikas daitekeenaren laurdenaren laurdenik ere (laurdenkatu zifra hau ere beldur gabe), baina aitortzen hasita, asko adinbat pertsona moduan, eta asko eta gehiago herritar gisa. Nahikoa da begiak zabal, belarriak erne eta eskuak gertu eramatea.

Bisitan joanda, mintzalekuan sartzeko zain, ikusi egiten da nor duzun ondoan. Hazpegi zigortuetan erreparatzen duzu, adjektibatu egiten dituzu, izendatzeko modu desegokiak darabiltzazu (produktu kulturalak gara). Inoiz ere gu izango ez diren horiek guztiak, elkarrekin hizketan, norberari galdez, funtzionarioen harrokeria primarioaren apeten biktima. Umiliatuak han ere, gidoiak halaxe eskatuta.

Preso bat hil da Zaballako kartzelan asteon. Hilik aurkitu dute izenik gabea, berrehun zaintza-kamera dauden arren bertan. Hirugarrena da aurten. Albistegiek auto-istripu baten trataera eman diote, errepidearen egoera txarra aipatzeke, beti ere. Generalitateak esatera, 41 preso hil ziren iaz Kataluniako espetxeetan. Espainiako erresuman, aurten, 30 hil dira berrogei egunean. Beren beregi herdoilduko zaigun kontaketa, nolanahi ere. Banku-zuzendaririk, medikurik, irakaslerik ezean, estatistika ere klasista da.

Odoluste honen aurrean, kopetara harria: noren ardura da horien heriotza, administrazioak baditu zaintzapean? Eta amets egiten dut inoiz gertatuko ez denarekin. Saio bat legebiltzarrean kartzelak hil dituen guztien izenak ahazturatik ateratzeko... instituzio penitentziarioetako buruak, arduradun ohiak eta funtzionarioak direla harmailetan. Amets egin dut, burua makur, onartu egiten dela (zenbat zor diogun argudiaketa feministari!) estrukturala izan dela zanpaketa. Dinamikak halakotuta, sektore jakin batzuk baino ez direla izan kartzela-politikaren biktima, hautu ideologikoak askatu dituela gainerakoak heriotzatik.

Asko eta gehiago irabaziko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.