Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bizar aroa

2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Etxealdi, ilealdi. Lagunekin hizketan hasi eta, jardun arinari ere bide emate aldera, berez dator gaia: ea txima hauek mozten ditudan. Arrunt harrotua dabilela norberaren txara, alegia; baina dena da mentura kalera ateratzea susmagarri bihurtu den honetan. Ai, tximatzarrok! Eta bizarrok!, horretarako ongarritutako baratzea duenak, noski.

Ileak tema duela denborarekin, gauza jakina da. Arren artean, erresistentzia ikurtzat hartu izan da luzaroan bizarra. Ez dago garai bateko familia albumean begiratzea besterik. Gizonezko antifrankistak bizardunak ziren. Gaur egun, lagun galegoen artean ere —galegista amorratuak guztiak—, asko ditut bizardunak adin batetik gorako gizasemeen artean. A rapa das bestas-en behorrekin nola, ilea moztea amore ematea da, azpiratu zaituzten seinale. Etsaiari ilea moztea kontrarioa umiliatzeko era da. Horrexegatik uzten zituzten kaskamotz emakumeak erretaguardian.

Ilea uztea eustea da. Aspaldiko legea da. Harald Fagerhaar erregeak, IX. mendean, ez zuela ez tximarik ez bizarrik moztuko agindu zuen, harik eta Norvegia guztia mendean izan arte. Benedikto XIII aitasantuak, gatibu Avignonen, zin egin omen zuen ez zuela aurpegirik soilduko kartzelaldiak zirauen bitartean. Madame Butterfly operaren estreinaldiko porrotari buelta ematea bazegoela sinetsita, Tito Ricordi editoreak garbi esan zuen, ez dut bizarrik egingo aldi txar honek iraun artean. Gurean, Arestiri eta Laboari esker bizar handiekin ibili ginen guztiok... euskara salbo ikusi genuen arte.

Aurpegialde garbia zibilizazioa bada, bizarra barbariea da. Eta orain, ari zaizkigularik hasteko prestatzen, laster garela pixkanaka kalean, ispiluan begiratu eta daukadan itxurarekin nora noan galdetu diot neure buruari. Ondo egon dela jolas moduan, baina heldu dela berriro ere trenpuz jokatzeko garaia. Eta ez dakizue nola amorrarazten nauen, honetan ere, etsi beharrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.