Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Norberarengandik urrun

2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Labainka doa autobusa kostaldeko errepidetik. Eguna argitu gabe artean, loeroan doaz bidaiari guztiak.

Busean egiten dut etxetik lantokirakoa, badira kilometro batzuk, bidea dago. Eguna joan, eguna etorri, beti jende bera ez, baina bertsua dabil. Esango nuke azken urteetan ezer gutxi aldatu dela erabiltzailearen profila. Ez da aspaldiko datua: Madrileko metroan, 35 eta 44 urte arteko emakumea da, etxetik lanerako joan-etorrietarako dabilena.

Oilaritearen lehen printzek autobus barnea argitu dutelarik, ezaguna zaidana erakutsi didate. Ez goaz Madrileko lurpean, baina emakumeak dira gehienak hemen ere, adin tarte zabalekoak. Gizonezkoak, aldiz, edo unibertsitatera doazen ikasleak dira, edo adin nagusikoak, edo etorkinak. Lepoa egingo nuke inor gutxi dela automobil baten jabe.

Ez da arinkeria. Garestiagoa atera arren, bizkorrago egiten da bidea autoz. Erosoago, ez nago seguru. Nahieran zabiltzala, horixe du; ez erlojuaren mendean. Eta gertutasuna. Garraio publikoak ez duen beste zerbait ere ematen du autoak, ibilbide luzeetan behintzat. Agian ez da prestigioa hitza, baina ez da urruti ibiliko. Lotura estua baitago garraio publikoaren erabiltzaileen eta maila sozialen artean. Autoak espazio pribatuan bizitzen segitzeko aukera ematen du, geltoki beteak saihestea. Ez dago zertan topo egin norberarengandik hain urrun dagoenarekin.

Etxerakoan, bi emakume elkarrekin hizketan aldameneko aulkietan. Hizkeragatik, Erdialdeko Amerikako herrialderen batekoak dira, eta ulertu dudanagatik, etxeko lanetan aritzen dira, besterentzat beharrean. Asteburuko kontuak darabiltzate solasean.

«Gertatzen dena da hemengo gizonek ez dutela ezkondu nahi», esan du batak. «Ez dutela gure modukoekin ezkondu nahi, esan nahiko duzu», osatu dio besteak. Barre egin dute gero.

Ez dago zertan norberarengandik hain urrun dagoen jendearekin topo egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.