Genero indarkeriaz ari garela, badugu jendarte gisa gaitz agerikorik. Eta nago bortxaren pertzepzioaz dugun desadostasuna dugula horietako bat. Izan ere, nola liteke batzuentzat eraso dena besteentzat ohiko keinu laño izatea? Bistan da, boterea arau, mendeak eta segundoak behar izan dira hamaika jarrera jalki eta normaltzat hartzeko. Denbora baino gehiago beharko dugu egoerez ohartu eta haiek aldarazteko.
Artea dugu adibide. Mendebaldeko pinturaren eta eskulturaren historian, sabinar emakumeena ez bada Leuziporen alabena da, hamaika dira «bahiketa» gisa erakusten zaizkigun obrak. Museoetan, argazkietan, arte-gidetan… behin berriro errepikatu zaigun kontzeptua da bahiketarena, egiaz bortxaketak direnean. Tituluak gerora ezarriak dira, ez kasualitatez, gozotuta, dakiguna ikus ez dezagun: mitologian, jainkoek eta heroiek emakumeen borondatea aintzat hartzekeasetzen dute euren sexu grina.
Musu bat. Zer du txarretik musu batek?
Lagunaz oroitu nintzen Espainiako futbol federazioko presidentearena ikusi nuenean. Saria eman behar zioten, egindakolanagatik urtean behin ematen den bat. Ez dut esan, emakumea da laguna eta gizonezkoa areto betearen aurrean golardoa eman behar zion agintaria. Egoera aurreikusiz, baldintza bakarra jarri zuen, gaizki ulertzerik egon ez zedin: eskua eman ziezaiola eskatu zuen, ez zuen musurik onartuko.
Ulertzen dela uste dut. Lagunak maite ditu musuak; areago, berak eman zizkion bi pot masailetan saria eman behar zion agintariari. Baina kamerinoan. Ez zuen nahi, nork nori non, boterearen (erakundearenaz harago, gizonona) erakustaldi publikorik; berari zegokionez behintzat, ez zedin keinu itxuraz tolesgabearen bertikaltasuna nagusitu. Mendeetako sedimentazioaren kontzientziak piztu zuen laguna; sortzaileaz gain, egunero emakume izateak.
Esana, denbora baino gehiago beharko dugu.

LARREPETIT
Musu bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu