Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Ehun urte

2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Fini infernua, amaitu da gerla. Geografia arras mudatu da, hiru inperio handi irentsi ditu historiaren zabortegiak. Europa jendez hustu da: hamahiru miloi gizon eta emazte hil dira guztira. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako sei mila gazte, nekazari eta abeltzainak gehienak, ez dira frontetik itzuli. Buru-itzuli batean bukatu behar zuen gerla lau urtez luzatu da, eta irabazleen bozkarioak zabal ditu orbainak. Lubakietara kondenaturiko askok desertatzea erabaki dute, eta Ameriketara heltzerik izan ez dutenak mugaz bestalde laketu dira. Erregimentu barnean matxinatu direnek okerrago izan dute, fusilatu egin dituzte. Baionan, frontetik permisoz heldutako milaka lagun bildu dira tren geltokiaren aurrean. Oihuka eta kantuan ekin diete bertan diren buruei. Esku-lan kualifikatua direla aldarrikatu dute, ez dutela lokatzetan hil nahi, baliagarriagoak direla arma fabriketan Verduneko edo Sommeko lubakietan baino.

Urte oparoak izan dira, izan ere, industria militarrarentzat. Asmakizun berriak ezarri dira su zelaian: tankeen, hegazkinen, dum-dum balen eta gasaren negozioa atera da, oroz lehen, garaile. Ikusi da, fosgenoak eta iperitak obusek baino izu handiagoa eragiten dute arerio arratoituen artean. Baina kito, fini. Irabazleen errelatoak, bere geografia, biktima eta heroiekin, euskaldunen bihotzak irabazi ditu. Esku-bonbak xisteraz jaurtiz aritu den Xikito Kanbokoa ezagunagoa egin da Petain bera baino.

Imaginario heroikoa gaitzegia da, Rosa Luxemburg saiatu zen bezala, hitz hutsez eraisteko: «gerrak gertakizun basatiak dira; ezinago inmoralak, erreakzionarioak eta populuaren interesen kontrakoak». Otto Dixen salaketa grafikoek (eskean soldadu elbarriak karriketan, putekin xanpain edanean burges tripontziak dantzalekuetan) Berlin galtzailea erakusten dute. Gauden lasai, ordea. Ez gara gu.

Ehun urte mando. Eta hala ere, gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.