Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Hiltzaile baten aitorpenak

2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Auzokoa hilko dut, edota lagunik handiena, etxekoren bat ostean. Eta hamaika ezezagun, hori seguru. Baita neure burua ere, deskuidatzen banaiz. Ez dakit noiz, ez hala gura dudalako, eta ez pistolaz, labanaz edo esku hutsez. Baina banan-banan jausiko dira. Hil baino, ez dut ezer egingo hala gerta ez dadin. Nola, horixe da badakidana. Beti gogorarazten didate nola. Aurten, airerik ez emanda behar duenari.

Eguberri jaien atarian, urtero legez, Maratoi Solidarioari ekin dio EITBk, ikus-entzuleen ekarpenei esker, ahalik eta diru gehien lortzeko kausa on baten alde. Biltzen diren sosak biriketako minbizia ikertzeko erabiliko dira, omen. Datak, egia esan, ezin egokiagoak dira. Gabonak laster, samurragoa dugu bihotza eta zabalagoa patrika. Eta hala, epopeia txikiz argituko dizkigute argi urriko egunok, begiak betetzekoak guztiak: haur batek itsulapikoa hautsi eta bertan zuena eman du; harako alargunak, berriz, ehun euro eskaini ditu, eta egin kontu hilean zazpiehun euroko erretiroa duela. Egoki erabiliko direnak, noski. Heroi txikien balentria handiak, egiazko Gabonetako ipuinak.

Eta beharra duenari airea ukatzea erabaki dut ez zaidalako iruditzen. Ez dirua eskatzen delako kausa noble baten alde, nola bada, baizik eta Gobernuaren Mendeko Erakunde batetik datorrelako galdea. Uste dudalako osasun arloko ikerketak aurrekontuetan sartu behar direla, jende xehea ataka moraletan estutu gabe. Eta neure zakarrean, pentsatzen dudalako hainbesteko interesa balu EITBk biriketako minbizian, emititua zukeela dagoeneko saioren bat gaiaz, mariatxi eta habanera artean tartea topatuta, eritasuna aztertuz gaixoen bizilekua hartuta kontuan, edo maila ekonomikoa, lanbidea edota inguruan dituen agente kutsatzaileak, konparazio batera.

Gauden garaian, beste aldarte batek gozatua behar nuke, baina nago oraingoan Scrooge jaunaren izpirituak ere ez nauela gaizkatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.