Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bezeroa

2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Erorien Haraneko apopiloa hil eta berehala hasi ziren alderdi politikoak zama arintzen. Hala egin zuen PCEk. 1977an Washingtonera egindako bidaia baten ostean iragarri zuen Santiago Carrillok hurrengo kongresuan utziko ziola alderdiak bere burua leninista izendatzeari. Esan eta egin. PSOE joan zitzaion orpotik. Bata ez bazen leninista izango, ezta bestea ere marxista. Jeltzalea izan ezik, bazirudien izenondoak abandonatzeko garaia iritsi zela.

Izan ere, nork nahi du bidean lokaztutako identifikaziorik milioka lagun daudenean botoa emateko prest musualdea pixka bat garbituz gero? Adjektiboek kaltetu egiten dute irudia, ibilian-ibilian maiztu, zikindu, astun egiten baitira. Hainbeste, non inoiz kontrako esanahiez ere kargatzen diren. Argentinan daukagu argibide argiena: nola liteke, ezkerretik eskuin muturreraino, milioika lagunek beren burua peronistatzat jotzea? Zer esan nahi du ez badu bereizteko balio? Alejo Carpentierrek «adjektiboaren zimurrak» deitu zion gaitzari.

Honetaz jakitun, eta izenak berak ere gaizki zahartzen direla ohartuta heldu dira formula berriak. Alderdiak ez daude modan eta fronte berbak oihartzun oldarkorregia dakar «elkarbizitza» dagoenean bogan. Jende bila, positiboan ibili beharra dago beti: Euskal Herria Bai, Nafarroa Bai, Geroa Bai. Hala saldu ziren elkartzeak eta batasunak: HB, EB, AB, EA... eta bata Bildu bada, Navarra Suma da bestea. Hortik jo du Iñigo Errejonek ere formazio berria bataiatzeko: Más Madrid, Más País.

Botoemailea izutuko ez duen erregistroaren bila, hura bezerotzat hartuta, kontsumo produktuen formulara helduak dira alderdiak. Zer datorren, ikusten da. Laster ez dute beste erremediorik izango xanpu, garbikari, autogileen bidetik jotzea baino: Euskal Herria Plus, zinkpiritionearekin; Nafarroa Ultrafor, karbunklo partikula aktibatuekin...

Aztarrenik ez zer erosten gabiltzan, baina izen horrekin ezin txarra izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.