Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Biktima

2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Cees Nooteboom-i irakurri niola uste dut interbiuren batean. Ba omen daneederlanderazhiztegi bat, 1884an idazten hasi eta oraindik orain amaitu eta editatu dutena. Auskalo zenbat ale duen Mastenbroek-eko polderra bezain luze imajinatzen dudan liburu sorta horrek. Nork jakin zenbat hitz duen, horietatik zenbat ez den azken berrogei urtean inon idatzi, zenbat ito den betiko. Liburuak ez ezik, hilkorrak baitira berbak berak ere. Bidean, ibiliaren ordaina, nekatu egiten dira. Aldatuz doaz, erdoka eransten die erabilerak eta historiak, hasieran ez bezalako esanahia hartzen dute sarritan. Adibideak, zientoa eta bat. Aski dugu une batez isildu eta mihipean begiratu bizkor bat egitea.

Efemerideak halakotuta, elkarrizketa zoragarria egin dio Garazi Kamiok Ane Muguruzari, Josu Muguruzak ezagutu ez zuen alabari. Une batean, barruak asaskatuta eta bere buruaz ari dela, kostatu egiten zaiola biktima hitza erabiltzea aitortzen dio kazetariari. Zergatik galdetuta, arrapostua bueltaka dabilkit oraindik: «Uste dudalako biktima zera horrek ez nauela ordezkatzen. Gaur egungo biktima terminologia horretan ez naiz identifikatua sentitzen. Gehiago gustatzen zait esatea gatazkaren kaltetu bat naizela, edo ondorioak pairatu dituen pertsona bat. Egun ezagutzen dugun biktima izaera horretanEstatu terrorismoaren kaltetu asko ez dira identifikatuta sentitzen. Eta ni barne. Ez dakit eman zaien erabilpenagatik, batzuk nola goraipatu dituzten eta besteok nola gutxietsi gaituzten...».

Ez da, gure neurriko hizkuntza batean, guk adina hiztegi duen herri askorik izango. Zoko-usaina hartutako liburukoteetatik edizio digitaletara, polder ederra eraiki dugu geuk ere, lantzeko lurra oparoa izan dadin. Baina errezelo txarrak berehala hartu nau. Zertarako hainbeste hitz, Nooteboomek dioen bezala, batzuk inoiz erabiliko ez baditugu eta besteek ez badute ustez esan behar luketena esan nahi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.