Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Nondarkeria

2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Errimeak gara azkenetik hasten. Agintzen digute etxean sartzeko pandemia egoeran gaudelako, eta herioan, komuneko paperaren apalak husten ditugu. Ez arrozik, ez lekalerik, ez pastarik, komuneko papera da agortzen aurrena. Ipurditik hasi kozinan hasterako.

Ez dut beste azalpenik topatzen bestela. Hil da Jose Luis Zumeta eta berehala bete dira gure pantailak doluz, oroitzapenez eta haren lanen erreprodukzioz. Xabier Gantzarainek obra baten aurrean hartu beharreko jarreraz dioen bezala, nork bere bizikizunez bete du Zumetaren obra, arratsalde iluna kolore pixka batez zikin dadin. Askok, nola ez, Gernika ekarri dute hizpidera; beste mordo batek Laboaren diskoen azalak, Artzeren eta Antoñanaren txoriak edota Usurbilgo horma. Ausartenak koadroekin eta litografiekin agertu dira, eta nola ez, izan da historian barrena abiatu denik ere, Gaur taldearen sorreran jartzeko gizona: artearen hegoak frankismoaren kontra. Eta konfinamendua aurrera, ahaztua nuen komuneko paperarena; ahaztua, harik eta probintzian gehien irakurtzen den egunkariaren txioak esnatu nauen arte, gazteleraz, noski: «Jose Luis Zumeta gipuzkoar margolaria hil da». Gipuzkoarra. Marka da gero. Egizu egindakoa, eman bizitza guztia mundua mihisera ekartzen, hiltzen zarenean guipuzcoano deitzeko. Zumetari eta bere obrari zegokion azken adjektiboa.

Okerrena, gentilizioaren eskola, prentsa probintzianoaren muga zeharkatu eta, bete-betean dagoela instalatua herri prentsa deitzen dugun horretan ere. Berdin da elkarrizketatuak zer egin duen, zertan den aditua, zer duen esateko. Nondarra, hori da inportanteena. Txokokeriaren gorazarrea da, egunean-egunean, irakurlearen ikuskera moldatzen diharduena: «Errezildartutako azpeitiar aizkolariaren bizitza, liburu batean jasoa». Nahiago nuke neuk asmatua balitz. Baina errimeak gara. Aurrena, komuneko papera. Itxarongo dute kolorinetako marrazkiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.