LARREPETIT

Zuhaitz eroria

Iñigo Aranbarri.
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Hor dabil Lizardi, ohi duen bakarrizketa ameslarian:«Idiak hor. Kate bat lotu dik itzainak». Zer duen begi-gogoan olerkariak? Zuhaitz bat, urtetsua, lurrera botea... «Eskatu?... Haizeari, laztan bat hozkiro. Txoriari, kanta zezala goizetan eztiro». Estekatu dute zuhain hori, baina. Akuilua idien saihets artean. Badaramate. Amaitu da haren aldia, «zerrak, ozen, urrundik, irrika dizkik erraiak...».

«Zuhaitz eroriari, orok egur», dio esaera zaharrak. Eta idi, kate eta zerra, hala ari zaizkio denak esaka Espainiako errege zaharrari, hondartu dela haren aldia, etsitzeko, ez al den ohartzen zein barregarri ari den gertatzen inoren eta historiaren aurrean. Segagira bidean daramatela itzartu dira hedabideak, eta haren aitona Alfontso XIII.aren abenturak eta kalenturak gogorarazi dizkigute, loturak egin ditzagun, Italiako erbestea eta erregerentzat beren-beregi eginiko film pornoak. Izan ere, zer dira ba zaletxoak Borboi hauek...!

Gizona zerran sartzen dutelarik, ordea, miraria da gertatu. Hainbeste lagun zuena bakardade gorrian heldu da urkamendira. Ez du inortxok ere haren ondoan egindakorik gogoratu. Gorde da historiaren tolesduraren batean, ezpainak lore, «etorkizunerantz sendo doan herri bat garela esan dit» zioen lehendakaria. Ezkutatu dira Loiolara ez behin, bai birritan ekarri zutenak; San Inazioren martxaren doinuz ongietorria txaloka eman ziotenak, Errenteria, Pasaia eta Lezo greban harrotu ziren artean. Zer geografia deseroso orain Gernika, Leire, Gasteiz. Non dira kooperatiba eredua lauda zezan Arrasatera ekarri zuten haiek? Urteetan han-hemen negozioak egiteko haren kontaktuak erabili dituztenek, zer diote? Ez genekien gaizkilea zenik? Zahartu denean erotu da? Hau ez da guk ezagutu genuen gizona?

Zuhaitz eroriaren ondoan agertu izan diren berberak ageri dira orain haren kimuaren aldamenean. Hutsik gabea da larderiaren legea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.