Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Errege jostailuak

2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Leihoak ongi zarratuta izanagatik, beti kausitzen du biderik etxean sartzeko. Oraingoan ere, eta Eguberri Militarraren karietara, besteri jostailuak ekartzeko barik, berarentzat eskatzeko baliatu du Felipe VIak, besteak beste Nafarroako errege eta Bizkaiko jauna den horrek. Eta ez du nolanahiko eskaera egin: segi dezala Sanchezen gobernuak gastu militarra gizentzen, 2023ko aurrekontuetan egin duen bezala.

12.850 milioi euro erabiliko dira aurten horretarako, aurreko urtean baino %26 gehiago. Jantzi, dotore jantzi du, Ukrainako gerra eta Errusia doilorraren mehatxua aipatuta. Garaiak eskatzen duena omen, «Nazioarteko Zuzenbidea, askatasuna, bakea eta balio demokratikoak» defendatzen dituztenen arteko harremanak sendotzeko hartara.

Leihoak itxita eduki arren, era batera ez bada bestera hedabideek etxean sartzea lortzen duten mezua, erregeren manupekook, jardunaren jardunaz eta kritikak kritika, azkenean jan dezagun, muker bada ere. Hitzik ez, noski (zinez itsusia da hilak eta dirua esaldi berean nahastea), arma industriaren garrantziaz Espainiako ekonomian (kanpora gehien saltzen duen zazpigarrena munduko rankingean), bezero nagusienetarik dituela Arabiar Emirerri Batuak, Oman eta batez ere Saudi Arabia, zeinak Yemenen erretzen duen batez ere material hori. Hirurak, jakina denez, Nazioarteko Zuzenbidearen, askatasunaren, bakearen eta balio demokratikoen zutarri nagusiak Ekialde Hurbilean.

Dialektikoki heldulekurik ez duen diskurtso gaiztoa, baina alderdien arteko dinamika politikoek (nik zuri hau, zuk niri bestea) eta prentsa korporazioen estrategia zuritzaileek (hau zabaldu, beste hura isildu) obratzen duten miraria: logika militaristaren aurrean sumindutako oro bozatzea, askora jota leiho jauzilariaren eta haren familiaren lepotik josteta eta trufaren bat edo beste egiteko eskubidea dugula, hori bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.