Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Memoria eta historia

2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Honaino heldu da Madrilgo Erorien Haranaren dinamitatze sinbolikoaren hautsa. Iruñean, ideien lehiaketa publikoa iragarri du udalak, eta prest dago, nonbait, aurkezturiko proposamen oro aztertzeko, baita monumentua eraistearena ere, horretarako lege-aldaketak egin beharko liratekeen arren. Izan ere, babesturiko eraikina da Iarnotzek eta Eusak 1942an amaitu zutena. Donostian, udal artxiboetako datuekin eraso dio oposizioak Eneko Goia alkateari, Urgulleko Jesusen Bihotzaren gaineko eztabaidan, monumentua ez dela frankista adierazi duenean. «Irabazleen idearioa goratzeko eraiki zen, udal frankistak dirua jarri zuen eta susmoak daude gerrako presoak erabili izan zirela egiteko» esan du Ezker Anitzako Amaia Martinek. Azak ontzeko, Erorien Harana diseinatu zuen arkitekto berak egin zuen Urgullekoa ere, Pedro Muguruza elgoibartarrak.

Gaiak, bistan da, nahi beste ertz ditu. Eraman liteke aipatu eraikinek eragiten duten harrotasunera, amorrura edo indiferentziara. Eraman liteke goi mailako arte-lantzat hartzera edo aberrazio estetikotzat jotzera. Eraman liteke alderdi historikora, eta esan, beste hainbat bezala, gorde beharreko garai baten orbaina da,paralelismo zabarrak sortzeraino: bota ditzagun orduan katedral gotiko guztiak, handikien jauregi izaniko oro, operak eta antzokiak.

Eta nago memoria historikoz hainbeste ari garen honetan, horixe bera dugula soluziorako giltza. Memoriak sentimentu lehenetara garamatza, azalaren kodera. Datek, tokiek, izenek bihotzarekin lotzen gaituzte, negar egiten dugu eta poz txikiek alaitzen digute eguna. Historia, berriz, susmoa dut hilda gaudenon zabortegi handi bat besterik ez dela.

Bien arteko mugara heldu garelarik aipatu monumentuekin, orain berrogei urte dena likido amniotikotan gordetzeko erabakia hartu zutenek berek lagundu didate erantzuna topatzen. Niri behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.