Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Burua oinetan

2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Ez da edonor Katy Perry. TaylorSwift, Beyonce, Lady Gaga, Jennifer Lopez, Rihanna eta enparauen aurretik ageri ohi da Forbes zerrendan, abeslaria izateaz gain influencer-a baita. Izenak berak saltzen duelako merkaturatzen ditu oinetakoak ere.

Asteon, atera berri zituen zapata eta sandaliak erretiratu behar izan ditu, hainbestekoa izan da etorri zaion zaparrada. Diseinuak piztu du sua: oinetako beltzak dira, aurpegi baten irudira begi handiak, sudur zabala eta ezpain lodi gorriak dituztenak. Arrazistak direla entzun behar izan du. Perry ez, enpresa desenkusatu da, ez omen da inor mintzeko asmorik egon.

Izan da erotzen ari garela aipatu duenik, gauzak bere neurritik atera direla, ez baita bakarra izan Perry. Lehengo astean, Guccik 800 euroko jertse beltz bat erretiratu behar izan zuen dendetatik. Musu pareraino igotzen zen lepoa zuen, ezpain handi gorriak margotuak aho-zuloaren inguruan. Orain hilabete pare bat, antzeko polemika piztu zen Pradak ateratako tximu itxurako giltzetako batekin. Askatasunak behar omen du ororen gainetik. Ez da esaten, saltzeko askatasuna esan nahi da.

Eta bai, ederra litzateke askatasuna inguruko zikina kenduta. Kentzen badiogu, konparazio batera, ez direla Senegalen edo Nigerian sorturiko produktuak, esnea baino zuriagoa den Perryren faktorian baizik. Kentzen badiogu, orobat, blackface-aren kultura. Beltz mozorretzeko usadio hori, antzerkiaren eta zinemaren historian duena sorrera, antzezle zuriak hala makilatzen zirenean plantazioetako langile alfer eta ezjakinak irudikatzeko. Berrehun urte luzez hamaika eratara errepikatu den estereotipoa, absurdoraino: The Jazz Singer fiman, beltz itxura izateko margotu behar izan zuten aktore afroamerikarrek lan egingo bazuten. Publiko zuriak ez zuen aktore beltzik nahi agertokian... ez bazen kaiku mozoloarena egiten.

Bai, ederra litzateke askatasuna inguruko zikina kenduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.