Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Boterearen zaldia

2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Xanpainaren bitsa betiko zirudieneko argazki bat berreskuratu dute hedabideek artxibotik. Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidente ohia ferraria gidatzen ageri da, ondoan Rita Barbera duela, Valentziako orduko alkatea. Kabrioletaren atzealdean, milaka ikusleri diosalaka, Felipe Massa eta Fernando Alonso gidariak eta Luca di Montezemolo, Ferrariko nagusia. Ederra du irribarrea txoferrak.

Valentziako hiri barruko Formula 1eko zirkuitua egiteko diru publikoak txarki erabili izana leporatu dio orain epaileak Campsi. Orobat, bere irudia hauspotzeko asmoz eginarazi omen zuen eta, bide batez, lagunak lotsa barik gizentzeko. Beste hamabost politikari eta enpresario ere prozesatu ditu. Eta zer ezagun zaigun guztia: Los Arcoseko zirkuitua eta Miguel Sanzen campskeria, Azkunak bultzatu zuen Bilbo barrenekoa etaEpsilon Euskadi proiektuak irentsi zituen 50 milioiak...

Autoa eta boterea, ez da bikote berria. Han-hemenkako iragarkietan, ez zaigu besterik iradokitzen, eta lasai asko erants dakioke beste elementu bat ekuazioari, hain da nabarmena: gizonezkoek gidatzen dituzte boterearen zaldiok. Valentziako irudiak ez dio gezurrik. Sinbolismoak errealitate egituratua erakusten du. Izan ere, glamourraren mundutik jende xehearen zerura etorrita, proiekzioa biderkatu egiten da. Garraio publikoan nor dabilen begiratzea besterik ez dago, datuak unibertsalak dira. Askogatik, emakumeak dira nagusi. Eta gizonezkoen artean, etorkinek, ikasleek, adin handikoek osatzen dute gehiengoa gurean. Boterea, eta botere-ustea bere morrontza guztiekin, autoz dabil.

Ez du honek aldatzeko itxurarik, eta susmoa dut, beste hainbat arlotan bezala, garraioaz ari garela, «publikoa» diogunean ez diogula denona, ezpada bazterrekoena, hain zuzen bizitza publikoa deritzogun horren muinean ez daudenena, kutxa komuneko dirua zirkuitu batean inoiz xahutuko ez duten horiexena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.