Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Besteak, gu

2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Ez dago zertan inor jo, iraindu, arbola batetik zintzilikatu bestea gu ez dela sentiarazteko, nahikoa da gertaera bat nor bere tokian erakusteko.

Igande goizaldea euskal herri batean. Ehunka oinbizi nork bere erronka gogoan, ortzadarraren kolore guztiak soinean, oinetan, burukoetan, millet, scott, north face, haglofs, quechua, columbia, suunto. Bat-batean, gautxori pasatuek eta mendigoizale presatuek bat egiten duen puntuan, anbulantziaren argiak denda giltzatuen leiarretan irristan. Zer gertatu da. Polizien irratien erlotsa zurrumurru bilakatu da abiatzeko pronto daudenen artean. Oinaze orroak kalearen bestaldean. Lagunak, familia, nik zer dakit, biltzen hasita. Poliziaren zinta kalea zarratzen. Zer izan da. Jode. Hasi beharra daukagu. Etxaferoaren txinparta. Danba.

Korrika goaz gailurrez gailur, baina aurrenekoak ostera ere abiatu diren puntura heldu bitartean, lana dago egiteko. Aulki tolestuak zabaldu, bazkarirako mahaiak izango diren oholak jaitsi, ekarri, asto gainean muntatu. Zenbat izango gara mahai bueltan. Ehun. Mila. Herri gara oinez gabiltzanak. Eta oinak geldi, lehengo lekuan bestea. Estalia, inguratua. Dena bete da poliziaz egunsentiak goiza urratu duen artean. Zer gertatu da. Epailearen zain dagoela hildakoa lur hotzean. Kanpotarra omen. Odola, labana, derrigor egon behar duela hilda lepoan izanda zauria. Nor dabil labanekin kalean. Gu ez, jode.

Airea ez-ohiko argi-bristaz, begirada gurutzatuz, esaten ez diren hitzez betetzen den goiz arrotz horietako bat. Zer egiten da horrelako egoeretan. Nork esan behar du zer. Nor da nor ezer esateko. Hainbesteko lana egin da izan ere den ondo irten dadin, hainbesteko gastua.

Gu. Besteak. Eta isilik behar lukeen marra, oihu batean, salatari: nikaraguarra beharrean, hildakoa institutuko irakaslea balitz, kutxako zuzendaria, betiko okina, ez zenukete berdin jokatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.