Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Osmosia

2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Ezin bada udaren arinkeriari gehiago eskatu irudi hutsetik harago. Izena ezagutzera iritsi dira Londresko alkate zela ahaztua zutenak, eta bada zerbait. Itxura ere, halakoxea du, eta parekotasunak egiten hasita, ez da zaila barre errazerako bidea. Poltsikokora, noiznahi heltzen dira bien irudiak elkarren ondoan, Borisena eta Donaldena, Johnsonena eta Trumpena, horra bi ero gandorbusti.

Ezin bada gehiago eskatu ostatuan gaudela Johnson telebistan agertu eta «hara, beste zoroa!» irrigarria baino. Azkarren ikusi duenak orrazkeraren erridikuloaz egin du aipamenen bat, ez oso originala ere. Autokritikoenak lotsarik gabe aitortu du galdua dabilela brexit-aren kontu horrekin, ez dakiela zertaz ari diren «irteera ordenatua» entzuten duenean, eta ez dela gauza konprenitzeko zeren alde dabilen Corbyn eta zeren kontra gainontzeko laboristak. Ausartenak dianaren erdian jarri du berriz ere Johnson. Segi dezala brexit-aren erokeriarekin. Ingeles txoro alaenak! Hala galduko dutela Eskozia, ezen haiek, zaudete seguru hala izango dela, ez baitaude prest Europatik kanpo geratzeko. Orain dela aukera berriz ere independentzia erreferendumera deitzeko eta oraingoan bai, enbataren indarraz irabazteko.

Bistan da, uda dela, egoeraren bihurria eta informazioaren katramila, ez da batere samurra egiten britainiar politikaren jarraipena egitea. Johnson eta erreginaren manupekoak noiz eta nola joango diren jakitea, zinez lantegi gaitza bihurtu zaio trebeenari ere. Zergatik doazen, errazagoa zaigu lerro bakar batean laburtzea: antisozialak dira, snobak eta sukaldari txarrak. Historiak eman dizkigu hamaika izenondo karikaturarako. Doazela hala nahi badute, ez dugu pena handirik hartuko. Eta mahats honen erdian gu non gauden, ez daukagu azaldu beharrik. Gu, orain ez hainbeste arte, «merkatarien Europatik» kanpo bazela beste antolaketa modu bat aldarrikatzen genuenok berberok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.