Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Aise ukatu nizun eskua

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Opotik egin dit munduak. Aste honetara arte, sinetsita nengoen politikari profesionalak beste ekai batez eginak zirela, gurea ez bezalako materiaz zeudela osatuak. Sinetsita nengoen guk ez dugun dotoretasuna zutela, hotzagoa odola, eta gauza zirela, potolak entzunda ere, eskua beti luze izateko. Konpostura deitzen den hori. Hala egiten zutela aurrera akordioek.

Izan ere, horien ondoan zer gara ba gu zitalak, erretxinak eta purrustazaleak. Zer gara gu baldarrak urteetako adiskidetasunak, jaiotzetiko loturak, su eztian ondutako harremanak kareletik behera botatzeko. Zergatik eta, eman dezagun, greba batean besteak izaniko jarreragatik edota Joyceren dublindarrak bezalaxe, edozein afaritanberotzeagatik, izan gaia alardea, ikastolen publifikatzea edota gaizki hartutako hitz horiengatik. Aste honetara arte, gu ginen bestea etortzen ikusi eta agurra ukatzen genuenok, tabernaz eta konpainiaz aldatzeko gai ginenok, eskua gordetzen genuenok.

Aitor Estebanek hautsi du mitoa. Faxismoari bostekorik ez. Baina kanpainaren beroan egonik, jakina, zergatik Otegiri bai galdetu diote orduan lakioan lotu nahian, eta botoak jokoan, berak ez diola inoiz eskurik eman esanda despeditu da, gandorra tenteago. Noski, esku-emate posible guztien argazkiz bete da sarea atoan. Politikaren ikuskizunean usatuak gauzkaten hamaika irudi, lehendik genekiena sendotzeko: ni heltzekotan, eskailerapeko presidente izatera helduko naiz urrunen.

Kanpaina amaitu da, ordea, eta badakigu gauzak baretu eta eskuek beren bidea egingo dutena. Kontua gainera, ez ote da bestea, ilargiarena eta atzamarrarena. Alegia, faxismoaren bostekoaz ari garela, ez ote zaigu hau azken urteetan beste zirrikitu askotatik sartu, ez ote diguten hau beste itxura batez aspaldi instalatu, gure zakarkeriaz ez bezala, gozo, adeitsu, demokrazia satisfetxoetan egin ohi den gisan, eskutik eskura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.