Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Apalen iraultza

2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Hitz hanpatuen bila hasi da kirol prentsa balentriari neurria emateko, «apalen iraultza», «heroikotasun homerikoa», eta zaleak bat etorri dira, hain daederra txikiak handia eraistea. Halako zera katarkiko bat ematen dio garaipen ezohikoak bizitzari, eta zer arraio, pozerako eskubidea du Dabidek ere.

Apalen iraultzaz barik, apalen borrokaz idaztera heldu zen Italo CalvinoBalangeroko amianto harrobietara. 1954an gaude, idazleak ikusgarri egin nahi du greban diren beharginen drama. Langileak hil egiten dira lanean. Erreportajean, itogarria da asbestoaren presentzia. Heriotzaren geografia da amiantoarena. «Mendia hozkadaz hozkada eroaten da fabrikako errotetara, gero hondakinak moltsoka aterata, beste mendi formagabeko bat osatzeko, grisa eta hila». Eta ohiturak sortu dira denborarekin: hildako langileen izena ematen zaie hauei bizitza ostu dieten hobiei.

Calvino baino hamahiru urte lehenago bidali zuten Balangerora Primo Levi, harrobiko hondakinetatik baliokorik lor zezan.Sistema periodikoa metafora literarioan kontatzen ditu ordukoak idazle kimikariak. Giroa ez da Calvinok ezagutuko duenaren bestelakoa. Deskribapenean ez, hizkeran dago bien arteko aldea. Berba loratuagoak darabiltza Levik: Danteren Infernua da zabor-mendia, ziklopeoa langileen jarduna. Kirol kazetaria dirudi gizonak.

Eta txikien iraultzarekin berotuta gabiltzalarik, keinu polita litzateke, diot, bietakoren batfinalera heldu eta Erregearen Kopa irabazita, Calvinoren hobietako biktimen izenak gogoan, ez Begoñakoari, ez Arantzazukoari, ez Ajuria Eneakoari eskaintzea lanaren saria, ezpada Zaldibarko luizian batzuek isil-gordeka urteetan sorturiko infernuan, poza lehertu zen egunean bertan, zaborra erakusteko zaborpean hil ziren Alberto Sololuzeri eta Joaquin Beltrani.

Apalen arteko keinu homeriko ederra litzateke, iraultza txiki bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.