Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Eskerrik asko geuri

2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Felliniren film batean bezala. Balkoietatik, bost minutuko esku-zartak gaixotasunak eraitsiak artatzeko senperrenak jotzen ari direnen esker onez. Eta ederra izan hori. Horrexegatik zaletu ziren, batez ere hasieran, dena epikoagoa zen hartan, sirena urdindunak euren ostetxoa egiten ordu horretantxe. Nork ez du txera beharrik, tranpa eginda badarik ere.

Asteon, hartu aldizkari bat eta orri beteko publizitatea. Udaltzain bat eta hiru ertzain irribarretsu ageri dira Babes Zibileko txalekoa daraman emakume batekin batera. Goian, letra handiz, «Eskerrik Asko!» ikusgarri bat «Denon artean lortzen ari gara» txikiago baten azpian. Argazki oinean, lau lerroko testu luzeago bat. Eta sinaduran, dena argiago uzten duen gakoa: Segurtasun saila. Beleari ere eder zaio bere boza.

Itxialdiaren hasieran, antzeko argazki bat zabaldu zen, instituzioetatik hauspotua hura ere. Behe-laino artean, Urkullu lehendakaria, kale jantziz ageri diren beste sei bat lagun, zurizko beste lau eta bederatzi ertzain, proportzio aureoan. Atzean hiru auto, poliziarenak hirurak. Eta testu bera, «Eskerrik asko».

Osasun arloko langileek zortzietako txaloekin nahikoa hazkurri badutelakoan, egon da publizitate instituzionala egin behar eta pentsatu duenik: nor loratzea dagokigu erakunde legez? Azkenaldian arazoa besterik eman ez diguten erresidentzietako langileak? Gizarte laguntzaileak? Hezitzaileak? Garbitzaile prekarizatuak? Han-hemenka borondate hutsez laguntzen dabilen tropa kontrolagaitz hori? Ezda hobe ordena ondoen irudikatzen duten profesionalei erakustea esker ona, bide batez lema tinko daramagula erakusteko jendarteari? Gainera, eurak dira pandemia garaian administrazioaren gestioa publikoki gutxien kritikatu dutenak, eta bidegabekiro, espekulatzaileekin batera gehiegikeriaz aritzeaz salatu izan dituzten bakarrak.

Felliniren film batean bezala dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.