Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Istripua Everesten

2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Neu ere malkotan urtu nintzen Martin Zabaleta zeru ertzera iritsi zenean. Hala eraman dut gailurreko argazkia gogoan berrogei urtean, batere higatzeke. Eta ilea lazteko audioa haren gainean. Nola ez nintzen hunkituko denon partezigo bazen munduaren tontorreraino guztiok eztarrian generabilen oihua egiteko. Gainera, ikurrin hura, hala esaten zen orduan, gure etxe ondoan josia zen.

Gero, ez dakit noiz, gauzak aldatzen hasi ziren. Himalaiara zihoazen espedizio guztiak batean eta bestean ate-joka hasi zirelarik, jende xehearen babesa apaldu egin zen. Nekea da hitza, nazkatu egin ginen ezer ez zekarkiguten irteera haiekin. Oporretara joan nahi badute ordain dezatela euren poltsikotik, genion, fabriketako langileek bezala! Eta hala, urteen poderioz, erabat urtu zitzaigun elur guztia. Askok ez dugu, Pasang Temba-renaz gain, nepaldar bakar baten izenik ikasi harrezkero.

Munduari ere bestela begiratzen ikasi genuen. Heroitzat genituen haiexek berek salatzen zuten mendizaletasuna pairatzen ari zen aldaketa. Espedizio komertzialak, inguruarekiko errespetu eza, bertako biztanleak ere... ez genuen hari bakar bat hunkitu gintuen hura berriro defenditzeko. Ikonoak ere jendartearekin batera mudatu zitzaizkigun. Bestelakoa genuen begirada, eta bandera bat urrun horietan ezartzeak gehiegi zuen keinu neokolonialetik.

Orain, euskal mendizale batek munduko 14 zortzimilakoen zikloa itxi duela-eta azken tontorrean Endesaren logoa daraman bandera zabaltzen duelarik, eta «Denok maite zaituztet» egiten oihu, gazteleraz, noski, dena egiten zait Zabaletaren hura gertatu izan ez balitz bezala. Eta antzetik antzera jauzika, beharbada horrexegatik ezin dut El Conquis ikusi: higuingarriak zaizkit espediziokideen arteko lehiak, gailurrera bideko balioak eta ikurrinak Ushuaiatik Kariberainoko Everest guztietan.

Denok igo ginen. Uste dut gehienok hil ginela beherakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.