Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Zakarra

2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Kulturala dugu: itsusia da diruaz hitz egitea. Idatzi gabeko arau artean ibiltzen ikasi ohi dugu jaio orduko. Hor dago, baina ezin da edonoiz atera, ez da edonon berba egitekoa. Lagun artean ere, sastakatzat har daiteke solasa, mindu egin gaitezke, eta nola gainera. Horregatik ez dute gure nobeletako pertsonaiek diruaz hitz egiten, horrexegatik gertatzen zaigu sarritan hain inpudikoa amerikar zinema. Nola mintza daitezke hain lasai zakarraz? Aukeran, eta bere zailean, guk nahiago heriotzaz jardutea, edo sexu ohiturez, edo nik dakit ba, norberaren edozein kontu eskatologikoz.

Baina egon, hortxe dago. Asteon, txosten bat kaleratu du Espainiako Bankuak. Pablo Hernandez de Cos-ek zuzentzen duen erakundearen arabera, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata735 eurotik 900era igotzeak, baldar esanda, 174.000 lanposturen galera eragin omen zuen 2019an Espainian. Ez dakit zer duen objektibotik, baina eskandalu publiko bihurtzen du bankuko gobernadoreak berak halako 17 kobratzea hilean. Ez da bakarra. Batzartzen diren aldiko, 1.119 euro jasotzen ditu bankuko kontseilari bakoitzak.

Ez da elegantea diruaz hitz egitea, baina bistan da, lagundu egiten du mundua interpretatzen. Bereak eta asto beltxarenak entzun behar izan zituen Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburuak adierazi zuenean 600 eurorekin duintasunez bizi litekeela. 87.000ko soldata zuen berak urtean.

Ez da gure estiloa, baina eztabaida publikoetan moderatzaileak galdetuko balio gonbidatu bakoitzari zein duen nagusia eta zenbat kobratzen duen hilero; eta hedabideetan iritzi emaileon azpian informazio horixe agertuko balitz, gauza asko hobeki ulertuko genuke. Lagungarri litzateke, aldatu egingo lirateke pertzepzioak, mudatu itzalak. Baina ondo pentsatuta, ez dugu arrazoi faltarik gure pudorearekin, izan ere, nork nahi du harmonia unibertsal hau urratu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.